LAN GATAZKAK

Michelineko langileek 72 ordu dituzte zuzendaritzaren proposamena bozkatzeko

Michelinek eskaini du soldatak KPIaren arabera igotzea eta ituna adosteagatik langile bakoitzari 1.500 euroko ordainsaria ematea. ELAk ezezkoa eman du, eta mobilizazioekin jarraitzeko deia egin.

Michelin Lasarteko langileak joan den asteko mobilizazio batean, Lasarten. GORKA RUBIO/ FOKU
maddi iztueta olano
2023ko ekainaren 14a
11:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Erlojua martxan da: sindikatuek 72 ordu dituzte erabakitzeko ea Michelinek proposatutako baldintzak onartu eta ituna adostu nahi duten, edo hura bertan behera utzi eta mobilizazioekin jarraituko duten. Halere, langileen iritzia kontuan hartuko dute zirt edo zart egin aurretik. Izan ere, «haiek erabaki behar dute ituna adosteko proposamena nahikoa den», CCOOko idazkari nagusi Loli Garciak azaldu duenez. Horiek hala, Michelineko langileek gaur goizean hasi eta ostiral eguerdira arte izango dute bozkatzeko aukera. Gasteizko langileek ez ezik, penintsula osoko lantegietako langileek ere parte hartuko dute bozketan.

Asteartean bildu ziren zuzendaritza eta sindikatuak, Burgosen. Goizean elkartu ziren negoziazio mahaiaren inguruan, eta, azkenean, gauean iritsi ziren eztabaidaren nondik norakoak. Zuzendaritza prest dago soldatak KPIaren arabera igotzeko, ituna adosteagatik langile bakoitzari 1.500 euroko ordainsaria emateko eta talde izaera sustatzeko jardunaldiak bertan behera uzteko. Halere, iraungitze data du proposamenak: ostiralean erantzunik ez bada, zuzendaritzak atzera egingo du.

Orain arte, Michelinek %12ko soldata igoera eskaini du datozen lau urteetarako: %5ekoa 2023rako, %3koa 2024rako, %2koa 2025erako, eta %2koa 2026rako. Baina, atzoko proposamenaren arabera, bi urtean behin soldatak %2 igoko lituzke zuzendaritzak, baldin eta 2023tik 2024ra artean inflazioa %8tik gorakoa bada, eta 2025etik 2026ra %4tik gorakoa bada.

CCOOko idazkari nagusi Loli Garciaren arabera, sindikatuek ezarritako helburuen «zati handi bat» hartzen du barne Michelinen proposamenak. Baina langileek esan beharko dute hitzarmen bat adosteko nahikoa den edo ez. Bozketan, gainera, pisu handia izango du Gasteizko lantegiak. Hor egiten baitute lan Michelinek Espainian dituen langileen erdiek, hots, 3.500 inguruk.

Ikusi gehiago:Michelinek bilerara deitu ditu sindikatuak

Zuzendaritzaren proposamenari uko eginez gero, litekeena da mobilizazioekin eta lanuzteekin aurrera egitea. Michelinen Gasteizko lantegian lau greba egun egin dituzte, eta oihartzun zabala izan dute. Laugarren greba egunean, joan den ostiralean, ez ziren lanera joan ekoizpen kateko beharginen %95, eta, ondorioz, ia erabat gelditu zen lantegia.

Grebaren aldeko apustua egin du ELAk

CCOOk zuzendaritzaren proposamena ontzat jo duen arren, ELA sindikatuak iritzi dio ez dela «nahikoa». Prentsa ohar baten bidez, ELAk adierazi du Burgosen negoziatutako eskaintza, «eskasa» izateaz gain, «xantaia» ere badela.

Estatuko sindikatuek eta zuzendaritzak atzo adostutako erreferenduma «berme demokratikorik gabekoa» dela salatu dute, eta Gasteizko langileak «desmobilizatzeko» estrategia baten parte dela iritzi dio sindikatuak. Are, «ez da nahikoa» KPIarekin lotutako eskaintza, ez duelako bermatzen «aurreko urteetan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea».

Horiek hala, proposamenaren aurka bozkatzeko eskatu die langileei, eta lanuzteekin eta mobilizazioekin jarraitzeko apustua egin du, «hitzarmen duin bat» lortu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.