Telebista

Kanaldudek herritarrekin gogoetatu nahi du egiten duenaz

Hausnarketa egun bat antolatu du telebista kateak, ekainaren 24ko, Bidarrain. Herritarrei gomita egin die herri telebistari buruz gogoetatzeko. Internetez izena eman behar da parte hartzeko.

'Kanaldude telebista zure etxean' kanpainaren aurkezpena. GUILLAUME FAUVEAU / IPARLA
Iñaki Etxeleku.
2023ko ekainaren 16a
10:26
Entzun

Kanaldude telebistak hausnarketa egun batera gomitatu ditu herritarrak, ekainaren 24ko, Bidarrain, Arrume gelan (10:30). Internet banatzaileen boxetan sartzeak ekarri hedadura berriaren eta biharko telebistaren inguruko pentsaketak partekatu nahi ditu herri telebistak. Eguerditan, bertan bazkaltzeko manera izanen da; halaber, arratsaldeko saioaren ondotik, afaltzeko. Izena aitzinetik eman behar da, Internetez.

Berriki, Kanaldudek jakinarazi du Internet hornitzaileen boxetan sartu dela eta etxeko telebistetan ikusgai bilakatu dela horren medioz. Kanaldudeko Eki Pagoagak dio hausnarketa partez horri lotua dela: “Horri esker, Kanaldudek beste ikusgaitasun bat lortu du. Telebista izendapenari egiazkotasuna ematen dio”. Hedapen horretaz, herri telebistak gaur egun egiten duenaz eta har ditzakeen norabideez mintzatu nahi du orain. “Ez dugu gure xokoan eraman nahi proiektu hori”, erran du Pagoagak. “Kanaldudek beti hola definitu du bere burua: ‘Euskarazko telebista parte hartzaile bat'”.

Parte hartze hori funtsezkoa zaio Kanaldude kateari, Pagoagak dioenez, baita euskara ere, egitasmoaren ardatz gisa: “Ikus-entzunezko proposamen bat da, baina proiektua euskarak du eramaten. Jokoan dena da lurralde euskaldun bat irudikatzea”. Euskalgintzako eragile gisa definitu du Kanaldudek bere burua “euskararen normalizazioaren edo onarpenaren” bidean.

Lehentasunezko beste ikuspegi bat azpimarratu du Pagoagak: tokian tokiko berri jakinaraztea. “Bertatik bertarako ikuspegia da gurea, goitik behera etortzen zaigun ikuspegi orokorretik ateratzeko. Gure errealitatearen irakurketa guhaurrek egitea”.

Bi alditan deskribatu du ekainaren 24ko gogoeta eguna. Lehenik, gaur egun egiten denari buruz oharren biltzea herritarrengandik: “Zer da Kanaldude gaur? Zuek zer diozue proposamen horren parean? Zer da ongi, zer eskas?”. Hortik, atera daiteke “programa ideia berriak asmatu edo partekatzea”. Eta parte hartzearen ildotik, “laguntzaileen parte hartzea nola sustatu?” galdetu nahi dute Kanaldudekoek.

Bigarren aldia gogoeta zabalagoa irekitzeko izanen dela adierazi du Pagoagak: “Zer da kateari eman nahi diogun norabide orokorra? Nolako telebista nahi dugu bihar Iparraldean?”.

Zinema indartu

Ekoizle bezala artetan, egile bezala bakanago, eta hedatzaile bezala gero eta gehiago, Kanaldudek zinemaren atala garatu du azken urteetan. Olde beretik segitzeko asmoa du geroan ere.

Akitania-Berria eskualdearekin duen hitzarmenetik, film laburren sorkuntza bultzatzen du urtero proiektu deialdiak eginez, baita dokumentalak ere. “Urte guziz bizpahiru proiektu laguntzen ditugu. Gero eta inportanteago zaigun gai bat da euskal zinemagintzaren garapena Iparraldean. Sektore bat ari da pizten”.

Ideia berrietan, haurren saila garatu nahi lukete. “Momentuan ez da proposamenik haurrentzat Kanalduden; beraz, hor bada lan bat egiteko”. Bestalde, aste guziz proposamen berriak heltzen zaizkiela dio Pagoagak, baina dituzten ahalekin ibili behar dutela: “Ahal gehiago bagenitu, egingo genuke gehiago. Ikus-entzunezko eduki baten sortzeak lan anitz eskatzen du; beraz, hautuak egitera behartuak gara”.

Beste berrikuntza bat aipatu du Pagoagak: Kanaldude.eus Internet atariaren berritzea, duela hilabete bat inguru. “Erronka zen ekoizpenaren aniztasuna hobeto islatzea. Diseinu kontu bat izan da, eta, bestalde, gure ekoizpenen sailkapena berrantolatzeko gogoeta lanketa eraman dugu”. Gainera, orenez oreneko programazioa ere agerian ezarri dute, noiz zer den jakiteko.

Eskualdeko diru laguntzei esker, bestalde, kanpoko film ekoizpenen erosteko ahal handiagoa du Kanaldude telebista kateak. Egun hauetan, konparazione, Asier Altunaren Amama filma zabaldu du, eta, orain, Koldo Almandozen Oreina filma erakutsiko du.

Hausnarketan parte hartzeko klikatu hemen.

Boxetarik, etxeetako telebistetan

Ikusgaitasun handiagoa eta telebista izaera betea ematen dio Kanalduderi Internet banatzaileen boxetan sartzeak —Bouygues, Orange, Free, eta laster SFR—, Bidarrain egoitza duen telebista kateko arduradunek esplikatu dutenez. Baimenak ematen dituen Arcom Frantziako ikus-entzunezko komunikazio eta digitalaren erregulazio agintetik 2021ean erdietsi zuen zerbitzu publikoaren izaera. «Hori lorturik, Internet hornitzaileak behartuak dira kate horiek hedatzera beren boxetan».

Eki Pagoaga Kanaldudeko langileak dio lorpen handia dela, Internet bidezko telebistak nagusi direlako: «Badakigu, gaur egun, telebista ikusteko joera nagusia boxena dela, TNTren aitzinetik». Kanaldude kontent da besterik ikusteko parada emateaz ikusleari. «Inportantea zen ikusleek aukera alternatibo bat ukaitea etxean, Frantziako kateen parean».

Azken bost urteetan, gainera, egun eta gauezko programazioa zabaltzeko gaitasuna du Kanaldudek: «2018tik badugu zuzeneko programazio eta seinale etengabea. Programazio hori aberasten eta txukuntzen joan gara urte horietan».

Beste telebisten kontrako bidea izan dutela aitortu du Pagoagak. Lehenik Interneten, eta gero telebistetan. «Salto hori egin dugu orain, nahiz eta erabilpen joerak aldatu diren. Baina jendeen kontzientzian baieztatzen du Kanaldude telebista dela». Gehiago dena, Interneten garapenak ez du telebista desagerrarazi. «Telebistak beti beldurtuak izan dira Interneten garapenarekin; horregatik, beren plataformak eta nahierako eskaintzak garatu dituzte», baina jende gehienak oraino etxean so egiten dio telebistari. Kanaldudek, halere, badu eskaintza bat bere atarian, nahieran.

Ez du baztertzen egun batez TNT telebista digitaleko hedagailuen bidez zabalduak izatea, nahiz aise diru gehiago behar den. «TNT da telebista urririk eskuratzeko aukera bakarra, zerbitzu publiko bezala hartua den neurrian. Eta Kanaldude zerbitzu publiko bezala hartzen dute instituzioek». Internet banatzaileen boxekin, harpidetza pagatu behar da. Baina aise merkeagoa zaio herri telebistari horiekin hedatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.