Enpresak

Gasteizko Michelinen hitzarmen berria izango dute, ezezkoak irabazi arren

Espainiako plantetan langileek alde bozkatu dute eta lantegi guztietan ezarriko da, Lasarte-Oriakoan izan ezik. Gasteizen protestara deitu dute

Gasteizko lantegian egindako protesta bat. DAVID AGUILAR (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko ekainaren 16a
18:06
Entzun

Gasteizko Michelinek lan hitzarmen berria izango du datozen lau urteetarako, hango langileek zuzendaritzaren proposamenaren aurka bozkatu duten arren. Multinazionalak Espainian dituen plantetan izandako emaitzek baldintzatu dute bozketa. Guztira aldeko 3.297 boto (% 56,54) jaso ditu enpresaren proposamenak, kontrako 2.513 (% 43,10) eta baliogabeko 21 (% 0,36). Gasteizen, aldiz, ezezkoa nagusitu da 2.007 botorekin (%65) eta aldeko 1.093rekin (%35).

Erreferendumaren emaitza CC OO, UGT eta CSIFi esker gauzatu ahal izango da, zentroarteko batzordean gehiengoa baitute (13 aulkietatik 9). Sindikatu horiek bozketaren emaitzak onartzeko konpromisoa hartu zuten.

Joan den astean Gasteizen grebara deitu zuten sindikatuek —ELA, LAB, ESK eta CGT-k—, aldiz, esan dute ez direla emaitzari lotuta sentitzen eta «borrokan» jarraitzeko asmoa agertu dute.

Emaitzak Gasteizko lantegian eta konpainiak Espainian dituen besteetan izango du eragina: Aranda de Duerokoan, Valladolidekoan eta Almeriakoan. Lantegi horiek zentroen arteko batzorde bat dute eta lan hitzarmen bera. Arabako plantako langileek emandako botoak taldeko gainerakoekin batera zenbatu dira. Gasteizen 3.500 behargin daude; langileen %88,6k eman dute botoa.

Michelinek beste planta bat du Euskal Herrian: Lasarte-Oriakoa (Gipuzkoa). Horko langileak negoziazio eta erreferendum horretatik kanpo geratu dira, batzorde propioa baitute. Han ere negoziatzen ari dira hitzarmen berria eta protestak hasi dituzte. Planta horretan LABek eta ELAk dute gehiengoa. LABek azaldu duenez, ostiral honetan biltzeko eskatu zuten, baina zuzendaritzak atzera egin eta astearterako jarri dute hitzordua. Bitartean, asteburu honetarako eta astelehenerako deitutako lanuzte eta mobilizazioekin jarraituko dute. Lasarte-Oriako langileei gainerakoei egindako antzeko proposamena egin zien zuzendaritzak maiatzaren 23an. Gipuzkoako lantegian 500 langile daude.

Zuzendaritzaren «xantaia»

Hauek dira Gasteizko Michelineko langileei aplikatuko zaizkien hobekuntzak: 1.500 euroko sari bat jasoko dute zuzendaritzaren proposamena onartzeagatik. Horrekin batera %12ko soldata igoera izango dute, modu honetan banatuta. %5ekoa 2023an, %3koa 2024ean, %2koa 2025ean, eta %2koa 2026ean. Horrez gain,biurteko bakoitzean %2ko igoera gehigarria izango dute, beti ere inflazioak itundutako igoerak gainditzen baitu: KPIa %8tik gorakoa bada 2023 eta 2024 artean eta %4koa 2025 eta 2026 bitartean —%3,5ekoa izan da maiatzean—. .

Gasteizko plantan eskaintza horren aurka azaldu diren sindikatuak -ELA, LAB, ESK eta CGT-k- salatu dute zuzendaritzaren proposamenak ez dituela KPIaren araberako soldatak igoerak bermatzen, eta gogoratu dute akordiotik kanpo geratu direla langileek negoziazio mahaira eramandako beste eskaera batzuk. «Xantaiatzat» jo dute zuzendaritzaren proposamena, eta CCOOren eta UGTren jarrera kritikatu dute. Emaitza ezbaian jarri dute, Gasteizko planta delako, alde handiz, langile gehien dituena, eta langile batzorde eta hitzarmen propioa galdegin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.