LEVANTE 0-1 ALAVES

Igo egin da Alaves

Villalibrek luzapenaren hondarrean penaltiz sartutako gol batek eman dio garaipena Arabako taldeari Levanteren zelaian. Lehen Mailan ariko da datorren denboraldian

Alaveseko jokalariak, teknikariak eta zaleak, igoera ospatzen. ALAVES
Julen Etxeberria.
2023ko ekainaren 17a
23:56
Entzun 00:00:0000:00:00

Alavesek urtebete eskas egingo du Espainiako Bigarren Mailan. Arabako taldeak 0-1 irabazi du gaur gauean Valentzian (Herrialde Katalanak), Levanteren aurka, eta horri esker, Espainiako Lehen Mailan jokatuko du datorren denboraldian, maila galdu eta urtebetera. Hala, lau euskal talde ariko dira maila gorenean: Reala, Osasuna, Athletic eta Alaves. Epikoa izan da Alavesen garaipena, Villalibrek luzapenaren hondarrean sartu baitu gola, penaltiz. Gol horrek festa lehertarazi du Alaveseko jokalarien eta zaleen artean.

Luis Garcia Plazak entrenatutakoak etxekoak baino gehiago izan dira lehen zatian, baina denboraldi honetan hainbatetan gertatu zaien bezala, ez dute indartu nagusitasun hori gol bat sartuz. Tenagliak izan du aukerarik garbiena, 33. minutuan, baina Vezok golaren marran atera du baloia. Ondo aritu da Alaves, baina gola sartzea falta izan zaio.

Arabarrek ekinean eta arriskua sortuz jarraitu dute bigarren zatiaren hasieran. Baina minutuek aurrera egin ahala, Levantek gora egin du, eta aukera garbiak sortzen hasi da. Asko estutu dute etxekoek, eta sufritu egin dute bisitariek. Halere, Abde gola sartzear izan da, baina gutxigatik bota du kanpora baloia. Ez da golik izan bigarren zatian ere, eta luzapena jokatu dute. Alavesek irabazi beharra zuen, berdinduta Levante igoko baitzen.

Hasieratik geratu da argi bakoitzaren asmoak: Levante zain geratu da, arriskurik hartu gabe; Alaves, ordea, erasokorrago aritu da, gutxienez gol bat sartu behar baitzuen. Zain geratu arren, etxekoek oso gertu izan dute gola, 99. minutuan, baina De Frutosek urrutitik egindako jaurtiketak langa jo du. Hurrengo minutuetan ezer gutxi jokatu da, tentsioaren ondorioz, partida asko trabatu baita.

Alavesek gogotsu ekin dio luzapenaren bigarren zatiari, eta saria jasotzear izan da, baina Syllak egindako jaurtiketa oso gutxigatik joan da kanpora. Gero eta gutxiago falta zen, eta saiatu arren, arabarrak ezinean ari ziren Levanteren atearen aurrean. Argia gero eta txikiagoa zen. Eta guztiz itzaltzear egon da Pepeluk baloia langara bota duenean. Baina azken jokaldian, Rober Pierrek eskuarekin ukitu du baloia. Epaileak ez du ezer adierazi, baina penaltia adierazi du gero, VARean ikusi eta gero. Villalibrek jaurti du, eta gola sartu du, eta festa lehertarazi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.