Espainiako hauteskundeak

EH Bildu «jendea eta ez alderdia aurretik jarrita» doa udal bozen «bigarren itzulira»

EAJren, PSEren eta PSNren «aliantza santuak» eskuin muturrarari «markoa erosi» diola uste du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Orain PP-Vox gelditzera deituko dutela ohartarazi du, eta hura ez dela «serioa jendearekin».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, gaur. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2023ko ekainaren 19a
13:54
Entzun 00:00:0000:00:00

EH Bilduko mahai politikoak ontzat jo ditu Hego Euskal Herriko udal osaketak, 138 alkate lortu baititu (21 gehiago), eta 1.402 zinegotzi (138 gehiago). 366.000 botoek «lehen indar munizipalista» bihurtu dute koalizioa Hego Euskal Herrian, baina «zuhurtziaz» helarazi ditu «datu objektibo» horiek Otegik, «zirimiria bezalakoa den ziklo aldaketa baten atarian» baitago Hegoaldea, haren ustez: «Hitza jendearena da, eta datozen bozetan ikusiko da aldaketa horren bigarren urratsa egiten den».

Koalizio subiranistaren emaitzak printzipio batekin lotu ditu koordinatzaile nagusiak: «Gure kasuan, aurrena aberria da, eta gero alderdia. Aurrena jendea, eta gero siglak». Azaldu du nahastu egiten direla «lehia siglen artean» kokatzen duten alderdiak, «lehia proiektuen artekoa baita, proiektu nazionalen artekoa, proiektu sozialen artekoa...». Udalak osatzean islatu da, haren irudiko, EAJ, PSE-EE eta PSN ez daudela lehia horretan: «Hauteskundeen emaitzek ez dituzte printzipioak aldatzen gure kasuan».

Jeltzaleei eta sozialistei erreparatuz, udal eta foru hauteskundeak «argien» azaltzen dituen eta benetan «gertatu den metafora bat» aipatu du Otegik: «Bastidako, Gernikako eta Durangoko argazkiak dira metafora hori. Aurpegi horiek lotsarenak izan dira; ez dira aurpegi alaiak ikusi». EAJk eta PSEk PPrekin egin ei dituzten «itunak zilegi dira», koalizioko buruaren ustez, baina Espainiako eskuin muturrari «zilegitasuna» ematen diote, era berean. «PP sartu dute beren itunetara EH Bilduri alkatetzak kentzeko, eta zer onura ditu horrek?», galdetu du Otegik. Estrategia hori «akats politiko larria» dela uste du, PP-Vox bikotea «erabilgarri bihurtu baitu».

Otegik gaineratu du EH Bilduren hazkundeak «lurrikara bat» eragin duela «establishment-ean», eta EAJren eta PSEren arteko gobernuak, «ez abertzaleak eta ez sozialistak», «zilegi» direla errepikatu du, baina «oso kaltegarriak» euskal gizartearentzat.

Bigarren itzulia

Espainiako Gorteetarako uztailaren 23ko bozak udal eta foru hauteskundeen «bigarren itzulia» izango dira EH Bildurentzat, eta «irabazteko»asmoz aterako da koalizioa, «nahiz eta ez diren hauteskunde egokienak» euskal abertzaleentzat. Kanpainan eskuin muturra gelditzeko dei ugari egingo direla aurreikusi du Otegik, eta galdetu du EAJk eta PSEk «zein argumenturekin» egingo ote duten hori: «Ez da serioa, eta jendea proiektu politikoetatik urruntzen du jarrera horrek».

Boz horietan, EH Bilduren helburua izango da «aldaketa politikoa hasi dela berrestea». «Benetako aukera bat» ikusten du Otegik koalizioak hauteskunde horiek irabaz ditzan: «Esaten duguna egiten dugulako». Koalizioak, «siglak indartu baino gehiago, aldaketa egonkortu» nahiko luke udako boz horietan: «Antifaxistak gara, eta Euskal Herriko mapa beste kolore batez margotuko dute boto emaileek».

Otegik uste du EH Bilduk «etxeko lanak» egin dituela Madrilen azken legealdian, eta «ohore bat» dela PPko presidente Alberto Nuñez Feijook xedetzat edukitzea koalizioak babestu dituen lege guztiak indargabetzea. «Pentsioak jaitsiko ditu?», galdetu du; «esan dezala lehenbailehen». Erantsi du ez duela «inongo interesik» Feijoorekin eztabaidan sartzeko, baina garbi utzita koalizioak eskuin muturra geldiaraziko duela ahal duen neurrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.