Feminismoa

Azaroaren 30ean, greba feministara, zaintza eskubide kolektiboa aldarri

Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu du mobilizaziora, «zaintza sistema publiko» baten aldeko deia eginda. Mugimenduak esan du «bizitza duinen aldeko» borroka dela zaintzarena.

Grebarako deia egiteko ekimena, Arrasaten. EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA
Gurutze Izagirre Intxauspe - Iosu Alberdi
2023ko ekainaren 20a
19:34
Entzun

Martxoaren 8an iragarri zuten greba feminista orokorra egingo zela, baina noiz zehaztea falta zen. Bada, zehaztu dute: azaroaren 30ean. Euskal Herriko Mugimendu Feministak grebara deitu du, «bizitzak erdigunera ekarriko dituen zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatzeko». Adierazi dutenez, horretarako ezinbestekoa da «zaintza sistema publiko eta komunitario bat» martxan jartzea: «Zaintza sistema aldatzea dena aldatzea baita».

Denon Bizitzak Erdigunean izeneko prozesua egin dute azken urtean, zaintzaren auzia erdigunean kokatzeko eta gaia herriz herri jorratzeko. «Prozesu hori Euskal Herriko Mugimendu Feministako hainbat eragile eta norbanakoren artean abiarazi genuen, eta gaur arteko bidean kide gehiago batu dira», azaldu dute hedabideetara bidalitako ohar batean. Prozesu horren helburua izan da aliantzak eta proposamenak bateratzea herri mugimenduekin eta eragile soziosindikalekin.

Prozesuan «hainbat inflexio puntu» izan dituztela adierazi du mugimendu feministak; besteak beste, iaz Gasteizen zaintza sistemaren ezaugarritzearen inguruan egindako jardunaldiak. «Jardunaldi haietan erabaki garrantzitsuak hartu genituen, tartean duela lau hilabete iragarri genuena, martxoaren 8an». Hau da, grebarako deia egitea.

Mugimenduak jakinarazi duenez, «zaintza sistema publiko eta komunitario baten» alde hartuko dituzte kaleak azaroaren 30ean: «Pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurka, zaintza lanetan eta sektore feminizatuetan baldintza onartezinetan bizi garen emakumeon eskubideen alde». Era berean, adierazi dute «ardura eta erantzukizuna» exijituko dietela gaur egungo sistema bere horretan mantentzearen alde egiten dutenei, eta gogoratu «guztion» ardura dela aferari erantzutea.

Aldarriak, baina, hamaika izango dira mobilizazioan, adierazi baitute «bizitza duinen aldeko borroka» dela mahai gainean jarriko dutena, «bizitza osoan zainduak izateko eta konpromiso berberaz zaintzeko eskubidea lortzeko».
Greba orokor bat antolatzeak atzean duen lanaren jakitun, mobilizazio soka luzea abiatuko da orain, prozesura jendea batzeko asmoz. Gizarteko geruza guztietara iritsi asmo dute, eta horri begirako lan ildo zabala abiatuta dago jada auzo eta herrietako taldeetan, «pausoz pauso» ekiteko: «Prozesua batzarretan eta kalean egingo dugu, batzen gaituzten aldarriak ipar».

Zaintza guztion auzia da, ez bakarrik emakumeena, eta lanketa berezia egingo dute gizonek ere bat egin dezaten. Eztabaidagai izango da, ordea, zer rol beteko duten.

Lehena, duela bost urte

2018an izan zen lehen greba feminista Euskal Herrian. Lau arlotan egin zuten planto emakumeek: zaintzan, kontsumoan, hezkuntzan eta lan arloan. Goizean goizetik kaleak hartu, eta ordura arte Martxoaren 8 batean inoiz egin ez bezalako modu batean aritu ziren aldarrika. Hainbat gai atera ziren plazara: soldata arrakala, lanen feminizazioa, emakume pentsiodunen egoera, migratzaileena...

Bide luze baten abiapuntua izateko asmoz hasi zen protesta hura, eta hala izan zen. 2019an ere planto jendetsua egin zuten emakumeek. «Bizitza erdigunean» jar zedin aldarrikatu zuten, eta horren ardura kolektiboa dela ikusarazi zuten. Orduan, zaintzaren gaia nabarmendu zen, eta «sistema heteropatriarkal kapitalistaren» kontrako mezuak zabaldu. Pentsiodunek ere ozendu zuten ahotsa, 1.080 euroko gutxieneko soldata eskatu eta arrakala berdintzeko aldarrikatuz. Ohartarazi zuten pentsiodun askoren kasuan emakumeek gutxiago kotizatu izan dutenez soldata arrakala izugarria zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.