Helburuak lortuta, Miarritzeko okupazioa utzi du Aldak

Konpentsazio arauari iruzurra egiten zion bizitegia urte osorako alokairuan jarri du jabeak. Ipar Euskal Herriko tentsio eremuan 1.600 eta 2.000 bizitegi irregular daudela uste dute

Alda-ren ekintza, astelehenean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko ekainaren 23a
09:47
Entzun 00:00:0000:00:00

Miarritzeko (Lapurdi) Pestre etorbideko 6. zenbakian abiatu zuen okupazioa bukatutzat eman du Alda mugimenduak, finkatu zituzten helburuak bete dituztelako. Euskal Hirigune Elkargoaren konpentsazio araua urratzen zuen bizitegi batean sartu ziren astelehenean, eta egoera erregularizatu bitartean bertan egoteko asmoa adierazi zuten. Lau egunen ondotik, Gites.fr eta Booking plataformek bizitegi ura epe laburreko alokairuan lortzeko aukera kendu dute beren webguneetatik; jabeak urte osorako alokairura pasatu du bizitegia, eta Miarritzeko Herriko Etxeak engaiamendua hartu du konpentsazio araua urratzen dutenen kontra egiteko. Hiri horretan bakarrik, mila iruzur egon litezke, kalkulatu dutenez.

Martxoaren 1ean sartu zen indarrean turismorako etxebizitzak mugatzeko konpentsazio araua. Horren arabera, bizitegi bat turismorako erabili nahi duen jabeak bestelako lokal bat bizitegi bilakatuz konpentsatu behar du; bestela, ez du eskuratuko etxebizitzaren erabilera aldatzeko baimena. Partikularrek orain arte eginak zituzten eskaerak epea bukatu arte atxikitzeko parada dute, baina enpresek berehala aplikatu behar dute araua. Hori da Miarritzeko bizitegiaren kasua. Aldaren arabera, Ipar Euskal Herriko tentsio eremuan 1.600 eta 2.000 artean dira araua urratzen dutenak.

Baionak, Angeluk, Miarritzek eta Bokalek zuzenean kudeatzen dute konpentsazio arauaren aplikazioa; tentsio eremuan diren gainerako 22 herrientzat Euskal Elkargoak du ardura. Aldak galdera zuzena egin die: «Iruzur egiten duten zenbat etxebizitza aurkitu dituzte beren lurraldeetan, eta zer egingo dute hori berehala gelditzeko?». Adierazi dute ematen dituzten erantzunen eta hartzen dituzten engaiamenduen arabera aztertuko dutela berriz ekintzaren bat egin edo ez.

Jabe iruzurgilea

Mirritzen abiatutako okupazioarekin, Ipar Euskal Herrian turismorako bizitegiak baimenik gabe alokagai jartzen dituzten jabeei presio egin nahi zien auzoetako herritarrak antolatzeko xedea duen mugimenduak. Bizitegia hiru egunerako alokatu zuten, 450 euro ordainduta, eta jabeak giltzak eman zizkien; ekintza horrekin hiru urterako ahozko kontratua adostu zutela baieztatu zuen Alda-k, bertan gelditzeko asmoa adierazita. «Jabeak ez du bizitegi hori epe laburreko turismorako etxebizitza gisa alokatzeko eskubiderik. Ondorioz, etxebizitza arloko legedi normala aplikatu behar da. 450 euro eman dizkiogu alokairurako, eta hark etxeko giltzak eman dizkigu. Guretzat, ahozko kontratu baten balioa du. Gure etxean gara, eta, epaile batek kontrako erran art,e hemen egoten ahal gara hiru urte», esplikatu zuen Xebas Christy Aldako bozeramaileak. Ekintza bukatuta, Booking plataformak 450 euroak itzultzea lortu dute.

Horrez gain, etxeko jabeak beste iruzur bat egiten zuela ere ohartu ziren: azpiko pisua adineko emakume bati alokatzen zion, legez kanpoko kontratu batekin. Abokatu baten bidez egoera erregularizatu, eta maizterrari hilabete bateko alokairuaren balioa itzultzea lortu dute. Alda-k adierazi du adi jarraituko dutela Miarritzeko jabeak legea betetzen duen ala ez, «ez bada hala, itzuliko gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.