Albistea entzun

Elkargi

Elkargik espero du iaz bezala zenbakietan «markak» haustea berriro

455 milioi euroren bermeak eman zituzten 2022an. Lander Artetxe izango da finantza erakundearen presidente berria.

Josu Sanchez Elkargiko lehendakari ohia, artxiboko irudi batean.
Josu Sanchez Elkargiko lehendakari ohia, artxiboko irudi batean. Gorka Rubio / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaut Matauko Rada -

2023ko ekainak 23

Inoizko daturik onenak lortu zituen joan den urtean Elkargi finantza erakundeak: 455 milioi euroren bermeak eman zituen 3.700 operaziotan. Finantzaketa lerro nagusia inbertsiorako izan da, utzitako diruaren %53 izan baitzen iaz, eta berme teknikoak bolumen totalaren %27 izan ziren.

Kursaalean egin dute prentsaurrekoa Josu Sanchez presidenteak eta Zenon Vazquez zuzendari nagusiak, 9:00etan, eta 12:00etan enpresa topaketa bat egin dute; Iñigo Urkullu izan da bertan, eta finantza erakunde horretako hurrengo presidentea hautatu dute: Lander Artetxe. Hala ere, Sanchezek iragarri du enpresa munduan jarraituko duela, Arabako Merkataritza Ganberan dagoela gogorarazita.

Aurtengoa «testuinguru ezegonkorreko» urtea dela adierazi du Sanchezek, eta urtearen lehen erdian aurreko urteko mailatik behera daudela adierazi du, nahiz eta aurreikusitakoa gainditzen ari diren. Hain zuzen ere, interes tasen igoeragatik eta ekonomiaren hazkundearen geldotzeagatik daude aurtengo aurreikuspenak aurreko urteko mailaren azpitik, baina urtearen bigarren zati «hobea» espero dute, Vazquezen hitzetan. Lehen sei hilabeteetan 200 milioi euro utzi dituzte, eta beste 50 milioi euro finantza soluzio alternatiboetan.

«Interes tasak igo direnez, behera egin du finantzaketaren eskaerak. Hala ere, aurreikuspen hobeak ditugu urtearen bigarren parterako, eta ikusiko dugu ea iazko mailara iristen garen ala ez», adierazi du Vazquezek. Horrez gain, urtearen lehen zatian inbertsiorako finantzaketak gora egin duela goratu du Vazquezek, %6 handitu baita, eta gehitu du horrek bide onean daudela adierazten duela. «Bide onean gabiltza», esan du Sanchezek.

Indarrean dituzten operazio guztien bolumena 1.700 milioi euro baino handiagoa zen 2022aren amaieran, inoizko handiena. Horrek Elkargiren "sendotasuna" demostratzen duela uste du Sanchezek, kaudimen koefizientea %13 baita.

'Hub' izateko bidean

Vazquezek eta Sanchezek behin baino gehiagotan aipatu dute Elkargi ez dela finantzaketa erakunde soil bat, eta hub bat izateko helburua dutela. «Elkargi ez da soilik krisi garaiko tresna bat, eta finantzaketa produktu berriak garatzen eta zabaltzen ari gara», adierazi du Vazquezek. «Elkargiren helburua finantza hub bat bihurtzea da, konbentzituta baikaude enpresak lagundu ditzakegula finantza eta ekonomia kultura berri bat izateko», esan du Sanchezek.

Enpresetan finantza kudeaketa «oso garrantzitsua» dela adierazi du Sanchezek, eta horretarako funtsezkoa dela finantza aholkularitza. Hala, Vazquezek nabarmendu du Elkargiren aholkularitza sailak %60ko hazkundea izan duela: «Finantza aholkularitza, fiskalitate zerbitzua eta kudeaketa kontrola balio handiko zerbitzuak direla adierazi digute gure aldameneko enpresek».

Jaurlaritzaren laguntza

Eusko Jaurlaritzak bi hitzarmen egin berri ditu Elkargirekin, eta finantza erakundeak azken urteetan hartutako «arriskua» estaltzen lagunduko dio. Guztira 137 milioi euroren bermeak ematea aurreikusi du Jaurlaritzak.

Sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana beharrezkoa dela uste du Vazquezek, eta adierazi du Elkargi «tresna publiko-pribatu indartsu» bat dela. Gehitu du proiektu berriak finantzatzen lagunduko duela.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

afarroako Volkswageneko sindikatuek deituta, langileen elkarretaratzea Landabengo fabrikaren aurrean ©Idoia Zabaleta (Foku)

Nafarroako Volkswagenek laurehun lanpostu kenduko ditu bi urtez

Jokin Sagarzazu

Auto elektrikorako trantsizioa egiteko proposatu du murrizketa hori zuzendaritzak. 2027tik aurrera gaur egun baino langile gehiago beharko dituela esan du.

Emakume bat etxebizitza iragarkiei begira, Bilbon. ©Luis Tejido / Efe

Hipoteka gutxiago eta txikiagoak

Iker Aranburu

Urteko lehen zazpi hilabeteetan %15,1 murriztu dira etxebizitzak erosteko maileguak Hego Euskal Herrian.

Ertzaintzaren errepide kontrol bat ©Andoni Canellada (Foku)

ESK-k salatu du langile bat kaleratu dutela «Ertzaintzaren presioengatik»

Jokin Sagarzazu

Marokoarra da eta, aurretik, Poliziaren «salaketa faltsu» batengatik epaitu eta absolbitu egin zuten.

Petronorrek Muskizen duen findegia. Hidrokarburoen ekoizpena industria kimikoaren barruan sar daiteke. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Kimika, osagaiak nahastu ezinda

Imanol Magro Eizmendi

Industria kimikoaren patronalaren arabera, ezin da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan hitzarmena negoziatu, Espainiakoak eragotzi egiten baitu. Sindikatuek, aldiz, legezko arazoa bainoago borondate kontua dela diote. Espainiako hitzarmeneko soldata txikiena urteko 16.892 euro gordinekoa da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...