Lasarte-Oriako Michelineko langileek enpresaren proposamena onartu dute

%60ko babesa izan du zuzendaritzak ituna berritzeko egindako proposamenak. 1.500 euroko plusa emango diote langile bakoitzari.

Lasarte-Oriako Michelingo langileak protestan, hilabete hasieran. GORKA RUBIO / FOKU
inaut matauko rada
2023ko ekainaren 23a
11:52
Entzun

Egun osoa izan zuten atzo Lasarte-Oriako Michelinen plantako langileek enpresaren proposamenaren alde edo aurka bozkatzeko, eta azkenean baiezkoa atera da, %60ko babesarekin. 300 langilek bozkatu dute alde, eta 161ek aurka (%32). Hitzarmena berrituta, azken asteetako grebekin amaitu dute sindikatuek, nahiz eta denak ez dauden pozik: ELAk adierazi du erreferenduma «ilegitimoa» izan dela, eta hitzarmena ez dela nahikoa. Bestalde, salatu du gainontzeko sindikatuek minimoen akordioa baztertu dutela. Bestalde, LABek ongi ikusi du enpresa negoziatzera behartzea, baina gehitu du hitzarmenak «zapore gazi-gozoa» utzi diola.

2023an %5 igoko diete soldata langileei, eta 2024ean %3. %2 egingo dute gora 2025ean, 2026ean bezain beste. Horrez gain, proposamena onartzeagatik, 1.500 euroko plus bat jasoko dute langile guztiek. Soldata igoera finko horiez gain, KPI kontsumorako prezioen indizearen igoeraren arabera ere gora egingo dute soldatek. 2023 eta 2024ean KPIa %8koa edo handiagoa bada, beste %2 igoko dituzte soldatak, eta 2025 eta 2026 urteetan KPIak %4 gainditzen badu, beste %2 igoko dizkiete soldatak.

Sindikatuak gaur goizean elkartu dira atzoko erreferendumari buruz hitz egiteko, eta LABek eta ELAk egin dute beren balorazioa. LABen ustez, positiboa da Michelin negoziatzera bultzatu izana, eta nabarmendu du «hobekuntza batzuk» lortu direla. Lortu den ituna enpresak hasieran proposatutakoa baino hobea dela adierazi du: «Hori dela eta, borrokak merezi duela argi geratu da». Hala ere, nabarmendu du beharrezkoa dela Gasteizko lantegia zentroen arteko batzordetik ateratzea, langileen lan baldintzak «Euskal Herrian erabakitzeko».

ELAren ustez, hitzarmen berriak ez du estaltzen azken urteetako «pobretzea eta prekaritatea», eta gainontzeko sindikatuei leporatu die egin zuten gutxiengoen akordioa puskatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.