BERRIAren urteroko erronka bideragarritasuna lortzea da, eta haren nahia, egonkortasun ekonomikoa bermatzea. Horretarako, ezinbestekoa da komunitatearen babesa. BERRIA Taldeak hogei urteotan izandako bilakaeraren eta gorabeheren laburpena da hau.
KOMUNITATEAREN INDARRA
BERRIA herri ekimenetik sortutako proiektua da. Komunitateak emandako bultzadari esker sortu zen, Egunkaria itxi eta lau hilabetera. Joan Mari Torrealdaik Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta liburuan hain modu aproposean definitu bezala, euskarazko egunkariaren sorrera euskalgintza zibilaren ekarpena izan zen. Gizarte zibilaren arrakasta da, beraz, Egunkaria-ren existentzia lehenik, eta BERRIArena gero.
Egunkaria itxi eta BERRIA ireki bitarteko lau hilabeteko epe labur horretan, Berria berri lelopean egindako kanpaina publikoan, 24.404 bazkideren artean 4.595.900 euro bildu ziren Euskarazko Komunikazio Taldea SA martxan jartzeko; hots, BERRIA martxan jartzeko —2005eko eta 2006ko kapital handitzeekin, 4.740.000 euroko kapitala batu zen—. 24.404 akziodun horiek, 15.000 BERRIAlagunek —tartean 500dik gora BERRIAlagun iragarle— eta 60.000 irakurle inguruk osatzen dute egun komunitatea.
BERRIA sortu osteko lehen asteak oparoak izan ziren salmentetan. Batez beste, egunero 21.000 ale ere saldu zituen euskarazko berripaperak; horietako 11.300, harpidetza bidez. Lehen urteetan, papera izan zen proiektuaren oinarria, baina jada webgunea urrats garrantzitsuak egiten hasia zen: edizio jarraitua, ingelesezko edizioa, webgune tematikoak...
FINANTZAKETA EREDU TRADIZIONALA
Finantzaketari dagokionez, garai hartako egunkarietan nagusi ziren diru sarrerak ziren garrantzitsuenak BERRIAn ere: egunkari salmentak eta harpidetzak, %42; publizitatea, %35; diru laguntzak, %16; eta zerbitzu salmenta, %7. Gaur egungo ereduan, datuak bestelakoak dira: egunkari salmentak eta BERRIAlagunak, %39; publizitatea, %16; diru laguntzak, %28; eta zerbitzu salmenta, %17.
Egunkari salmenta, publizitate salmenta, diru laguntzak eta zerbitzu salmenta izan dira hogei urteotan BERRIAren diru sarrera nagusiak. Proportzioetan, ordea, gorabeherak izan dira. Hedabideen negozio ereduek aldaketa handiak izan dituzte urte hauetan; krisi ekonomikoarekin batera, bereziki prentsak bizi izan duen krisiak garai zailak pasarazi dizkio euskarazko egunkariari.
Hala ere, nabarmendu behar da urte guztietan BERRIAlagunen bidez finantzatu dela proiektua neurri handi batean (diru sarreren ia erdiak bide horretatik lortzen dira). Autofinantzaketa handia bermatzen du horrek, %70etik gorakoa. Ez da ohikoa horrelako proiektuek irabaziak izatea, baina, egonez gero, proiektuan eta lantaldean inbertitzen dira. Halaber, gizarteari egiten zaion itzulpena ere handia da, balio sozial handia sortzen baitu. Egunkari bat egiteaz gain, hainbat proiektutan hartzen du parte BERRIAk, hainbat eragilerekin elkarlanean, helburua ere badelako gizarteak emandakoa itzultzea: unibertsitateak (Huhezi, EHU...), Kontseilua, Hekimen, tokiko hedabideak, Katxiporreta, Elkar, Euskaltzaindia...
BIDERAGARRITASUNA KOLOKAN
Ekonomikoki estu ibili da proiektua urte guztietan. Euskarazko komunikabideak ez dira errentagarriak: hori jakina zen hasi aurretik ere. Gainera, komunikabideen negozio eredua erabat aldatu da azken hamar-hamabost urteetan. Kontsumo eredua aldatu egin da: paperetik sarera egin du salto kontsumitzaileen zati batek, eta berriak sareetatik datoz. Horri esker, inoiz baino irakurle gehiago ditu BERRIAk, baina salmenta eta publizitate bidezko sarrerak galtzea ekarri du. Proiektuaren bideragarritasuna zaildu egin du horrek. Horrekin batera, krisi ekonomikoa —2008koa mugarria izan zen—, paperaren garestitzea... Ez dira urte errazak izan. Egunkariak beti izan ditu zailtasunak, baina kontsumo ohituren aldaketak zaildu egin du bideragarritasun ekonomikoa; hori begi bistakoa da, sektorean oro har gertatu da, eta BERRIAn ere bai. Baina komunitatean oinarritutako proiektua izateak sendotasun handiagoa ematen dio egoera zail horri aurre egiteko. Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenak ere laguntzen du, baina gerrikoa estututa ibiltzea dagokio oraindik ere; langileen lan baldintzak nahi baino eskasagoak dira, eta kostuen bilakaerak kalte are handiagoa egin die langileei. Gainera, proiektuari berari ere kalte egin dio: kontsumo prezioen indize altuak, paperaren salneurria... Horiek kezka iturri izango dira datozen urteetan ere.
BERRIKUNTZAN INBERTITU BEHARRA?
Aldi konplexua da, eta kazetaritza ezinbestekoa da aldi hau ulertzeko. Gainera, aldia gero eta digitalagoa denez, hedabideek ere berritu beharra dute. Txikia da BERRIA, hizkuntza gutxitu batean aritzen da, eta baliabide aldetik ez da oso oparoa, baina, bere neurrian, ari da pausoak ematen. Aurten egingo diren berrikuntzei esker, jauzi handiagoa emango du digitalki. Ez da ahaztu behar, ordea, hedabide handiek teknologikoki duten abantaila oso handia dela. Berrikuntzak etengabekoa izan behar du: denboran iraungo duen digitalizazio prozesu bat. Hori ez da batere merkea, denboran iraungo duen inbertsioa baita. Eta, inbertsio teknologikoaz gain, hor sartzen da lan prozesuen kontua ere: lan antolaketari, formazioari, talentuari... buruzkoa. Horretan guztian eragingo duen inbertsio iraunkorra behar dute euskarazko hedabideek. Azken urteotan lortu da administrazioarekin halako sintonia bat, baina sektorearen eta administrazio publikoaren arteko ardura konpartituaren kontzeptua ekarri behar da digitalizazioaren arlora ere: sektore estrategiko bat da, eta, euskarazko hedabide modernoak eta eraginkorrak nahi badira, inbertsio publikoa ezinbestekoa da.
KOMUNITATEARENA DA ETORKIZUNA
BERRIAren komunitatea BERRIAren irakurle guztiek osatzen dute, informatzeko euskarazko egunkari nazionala hautatzen duten guztiek, edozein dela ere euskarria. Hori esanda, azpimarra egin behar da proiektua ekonomikoki babesten duten BERRIAlagunengan. Harpidetza bidez edo proiektuari urteko ekarpen ekonomiko bat eginez, BERRIAren independentzia bermatzen dute. 2010. urte bukaeran jarri zen martxan gaur egun BERRIAlaguna izenez ezagutzen den egitasmoa, 2008ko krisi ekonomikoak eragindako jokalekuan. Zure ziztada behar dugu kanpainaren barruan BERRIA proiektua sostengatuko zuten lagunak biltzea zuen helburu kanpaina horrek.
Ezinbestekoa da BERRIAlagunen ekarpen hori. 2011n, hango eta hemengo egunkariak edukiei giltzarrapoa jartzen hasi zirenean —ordainpeko murruak, alegia—, BERRIAk edukiak zabalik eta doan mantentzea erabaki zuen, euskararen normalizazio eta hedapenaren ikuspuntutik hedabideek duten garrantzi estrategikoa aintzat hartuta. Orduan aktibatu zen bereziki urteko ekarpena egiteko bidea, Interneteko irakurleentzat pentsatua: kontzeptualki produktua erosi ordez proiektua babesteko jauzia egin zezaten. Nolabait, hauxe azpimarratuz: sektorearen egoeraren arabera eta hedabideen bilakaerari lotuta, BERRIA aldatuz joango da formetan, baina beharko du komunitate bat babes ekonomikoa emango diona eta independentzia bermatuko diona.
Bideragarritasuna jomugan
BERRIAren urteroko erronka bideragarritasuna lortzea da, eta haren nahia, egonkortasun ekonomikoa bermatzea. Horretarako, ezinbestekoa da komunitatearen babesa. BERRIA Taldeak hogei urteotan izandako bilakaeraren eta gorabeheren laburpena da hau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu