Lurralde antolakuntza

Urdaibaiko museoa, puzzletik zirriborrora

Urdaibaiko Guggenheim museoak 60.000 metro koadro beteko ditu eta jatetxe bi izango ditu, proiektu zirriborroaren arabera. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Europako Alderdi Berdera jo du proiektuaren aurkako babes eske. Ernaik deituta, manifestazioa izango da gaur, Gernika-Lumon.

Muruetako ontziola. Han egin nahi dute Guggenheim museoa hedatzeko egoitzetako bat. RAUL BOGAJO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2023ko ekainaren 30a
12:53
Entzun

«Puzzlea osatu zaigu». Bilboko Guggenheim museoa Urdaibaira hedatzeko proiektuaren zirriborroaren berri jakin zutenean, hori pentsatu zuten Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoek, Eider Gotxi kidearen arabera. Zain Dezagun Urdaibai elkarte ekologistak bultzatutako plataforma bat da. Proiektuaren zirriborroa museoaren patronatuaren azken bileran aurkeztu zuten, Bilbon, ekainaren 14an.

Hainbat udaletan dauden proiektu txikien bidez irudikatu zuten plataformakoek zelakoa izan daitekeen Urdaibain eraiki nahi duten museoa, eta «bete-betean asmatu» dute. AEBetako Cooper Robertson arkitektura estudioaren zirriborroaren arabera, 60.000 metro koadro pasatxoko eremua beteko du Gernika-Lumoko Dalia fabrika egondako lekuan eta Muruetako ontziola dagoen orubean. Hasiera batean erakundeek iragarritakoa baino 5.000 metro koadro gehiago dira.

Gernikan, museoaren lehen eraikina egongo da. Erakusketa lekuaz gain, bulegoak, biltegiak, hitzaldi areto bat eta jatetxe bat izango ditu. Gainera, aparkaleku bat eraikiko diote ondoan. Guztira, 20.000 metro koadro. Gainontzeko 41.000 metro koadroak Muruetan daude. Batez ere, erakusketetarako lekua atonduko dute han; baina baita heziketa programak bultzatzeko lekua eta artistek lan egiteko tokia ere. Muruetan egongo dira, halaber, artelanen kontserbaziorako tailerrak. Horrez gainera, bigarren jatetxe bat eta denda bat izango ditu.

Zirriborroaren arabera, eraikin batetik bestera joateko bi modu egongo dira: oinez edo jasangarria den garraiobideren batean —trena, autobusa eta bizikleta aipatzen ditu, aukera moduan—. Bi eraikinen artean, 6,5 kilometroko ibilbide bat eraikiko dute. Haren bueltan artelanak jartzeko aukera legokeela ere badio planak.

Besteak beste, ibilbide horri lotutako proiektu batek susmoa piztu zien plataformakoei. Gotxiren arabera, Muruetako Udalean topatu zuten Oka ibaiaren birgaitzea, landare inbaditzaileak kentzeko izeneko proiektua. «Begiratu genuen zer zegoen atzean, eta agertzen den pasabide bat Gernikatik ontziolara, metro bi eta hogei zentimetroko zabalera eta hiru metroko altuera zituena, eta oinezkoentzat eta bizikletentzat erabilgarria izango zena». Museoarekin lotutako halako zazpi proiektu topatu dituzte eskualdeko udaletan.

Museoa eraikitzeko proiektua berpiztu zenetik zebiltzan gehiago jakin guran. Esaterako, Bizkaiko Batzar Nagusietara jo zuten, hedabideen bidez ezagututakoari buruzko informazio ofiziala lortu nahian. «Ofizialki ukatu egin ziguten proiektu hori dagoenik», gogoratu du Gotxik. Baina Busturialdeko udaletan ikusten zuten dagoeneko proiektuak bazituela arlo batzuk definituta. Beraz, lanari ekin zioten. Otsailean, herritarrei informazioa ematen hasi ziren. Maiatzeko udal eta foru hauteskundeen aurretik proiektuaren aurkako sinadura bilketa bat abiatu zuten Peticiones.net atarian, eta 8.000 bat bildu dituzte dagoeneko.

«Legeen aurkakoa»

Sinadurak eskatuz idatzitako testuan, besteak beste, Urdaibai babesten duten legedien errepasoa egiten dute. «Munduko legeetatik hasi eta gertukoenetara arte, biosfera babesteko araudi guztia dago indarrean. Beraz, Urdaibain jarduera antropikorik egin daiteke? Ez», ohartarazi du Gotxik. Haren arabera, «legeen aurkako proiektua» da. Salatu du euskal erakundeak biosfera erreserbak duen babesa txikitzeko eskatzen ari direla. «Esan beharko lukete zer egin nahi duten, eta hori egin ahal izateko zenbat lege urratu beharko dituzten».

Orain, Busturialdeko udaletan mozioak aurkeztuko dituzte, alderdiek proiektuarekiko zer jarrera duten azaleratzeko. Espainiako Gobernuari ere egin dizkiote galderak, baina Gorteak deseginda daude, uztailaren 23rako deitutako hauteskundeen ondorioz. Hortaz, hurrengo gobernuri galdetuko diote berriz.

Europako Parlamentuan, Alderdi Berdearekin harremanetan ere badabiltza. Doñanako (Espainia) ureztatze sistema arautzeko Andaluziako Gobernuak onartutako legedia salatu du Europako Batasunak, akuiferoak arriskuan jartzen dituelakoan. Alderdi Berdea egon da salaketaren abiapuntuan. Gotxik uste du bi kasuak alderagarriak direla, eta espero du eurek ere Alderdi Berdearen babesa lortuko dutela. «Jendeak ikusi behar du hemen egin nahi dutena arriskutsua dela, eta eragingo duten kalteak ez duela atzera bueltarik».

Hiru hilabetean 140.000 bisitari lituzke Urdaibaiko museoak. Gotxik dio 2018an Gaztelugatxek markak hautsi zituela, 370.000 bisitarirekin. «Eusko Jaurlaritzak eskatu zion ingurumen ikerketa enpresa bati eskualdearen gaitasuna ikertzeko, eta orduan, museo barik, gaindituta geneukan. Pentsatu zer gerta daitekeen orain».

Ernaik deituta, manifestazioa, gaur, Gernikan

Ernai gazte antolakundeak deituta, manifestazioa egingo dute gaur Gernika-Lumon, Gaztiok be, Guggenheim Urdaibairi ez lelopean. 19:00etan abiatuko dira, Merkuriotik.

Hainbat datu eman dituzte aurkako jarrera azaltzeko. Esan dute proiektuak 130 milioi euroko aurrekontu publikoa izango duela, eta 85 animalia espezie galzorian daudela inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.