Arrauna

Bertan behera gelditu dira Euskotren eta Eusko Label ligako lehen jardunaldiak

Gaur ziren hastekoak bi ligak, baina bertan behera gelditu da lehen jardunaldia, denboraleagatik. Azken ordura arte itxaron beharko da biharko estropada jokatuko den edo ez ikusteko.

2022ko denboraldiko argazki bat. MAIALEN ANDRES / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2023ko uztailaren 1a
17:27
Entzun

Itxaron egin beharko dute Euskotren eta Eusko Label ligako arraunlariek sasoiari ekiteko. Gaur zen jokatzekoa lehen jardunaldia, Coruñan (Galizia), baina denboralea dela eta, bertan behera uztea erabaki dute. Itsaso zakarraren eraginez traineruek ezin izan dute uretaratu. Ikusiko da bihar estropada jokatu daitekeen, edo datorren asteburura itxaron beharko den sasoiari hasiera emateko. 2003an Traineruen Kluben Elkartea sortu zenetik lehenengo aldiz gelditu da bertan behera estropada bat jardunaldia hasi aurretik.

Benigno Silva TKEko Batzorde Teknikoko presidenteak esan duenez «ontziratzeko baldintzak» oso zailak ziren: «oso azkar egin beharko lukete, eta olatuen artean ez dago denbora nahikorik». Silvak argi utzi nahi izan du estropada gaur egitea «gehiegizko arriskua hartzea» zela: «Segurtasuna lehenetsi nahi izan dugu. Egoera horretan arriskuak minimizatzen saiatu behar dugu, eta ontziratzea oso zaila zen arraunlarientzat. Horregatik hartu dugu estropada bertan behera uzteko erabakia».

Azken unera arte itxaron beharko da bihar estropadarik izango den ala ez. Gaur-gaurkoz oso zaila dirudi. Gaur bertan behera geratu da hamahiru eta hemezortzi kilometro orduko haizeteekin, eta bi metro eta erdiko olatuekin. Bihar goizean dira jokatzekoak estropadak Galizian, eta gaur baino haize gehiago espero da ordurako. 23 eta 37 kilometro orduko haize boladak espero dira goizean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.