Etxeko langileek 52 urtetik gorakoentzako langabezia saria jasotzeko baldintzak aztertzean 2022ko urriaren 1a baino lehenagoko kotizazio aldiak aintzat hartu behar direla ebatzi du Bilboko lan arloko 6. epaitegiak. Ebazpena ez da irmoa; izan ere, Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak helegitea jarri du, eta Bilboko Auzitegi Gorenaren esku geratu da erabakia. LAB sindikatuak auzitara eramaniko kasu baten ondorioa da ebazpena.
Iazko urriaren 1a arte, Hego Euskal Herriko etxeko langileek ezinezkoa zuten langabezia sarirako kotizatzea. Egun horretan sartu zen indarrean etxeko langileei langabezia saria jasotzeko eskubidea aitortzen zien lege dekretua. Hori, baina, ez zen muga bakarra: 52 urtetik gorakoen langabezia subsidioa kalkulatzerakoan, ez ziren kontuan hartzen ordura arteko kotizazio aldiak.
Baina zer da 52 urtetik gorakoen langabezia subsidioa? Langabezia dirusaria agortu duten 52 urtetik gorakoek eskatu dezaketen diru aguntza bat da. Diru sari hori jasotzeko, eskatzaileak baldintza hauek bete behar ditu: aktiboki lan bila aritzea, hamabost urte kotizatu izana, eta langabeziagatik gutxienez sei urte kotizatu izana. Ebazpen honek azken puntu horri eragiten dio. Orain arte, etxeko langileentzat ezinezkoa zen antzinatasun hori pilatzea.
Kasuaren xehetasunak
LAB sindikatuak etxeko langile baten egoera eraman du Bilboko lan arloko epaitegira. Langile horrek 52 urtetik gorakoentzako diru saria jasotzeko baldintzak betetzen zituen, bat izan ezik: langabeziarako kotizatutako urteak. Baina, etxeko langileen erregimen berezian kotizatutako urteak kontuan hartuz gero, «sobran» betetzen zuen baldintza hori.
Horiek horrela, LAB Europako Batasuneko Auzitegi Gorenaren 2022ko otsailaren 24ko epaian oinarritu zen auzitara jotzeko. Ebazpenak zioen etxeko langileek langabezia sari hori ez izatea dakarren xedapen oro 79/7 zuzentarauaren aurkakoa izango zela, eta nazioko epaileak ebazpena nola aplikatu behar zuen azaltzen zuen. Zuzentarau horren arabera, Gizarte Segurantzak ezin du gizonezkoen eta emakumezkoen arteko bereizketarik egin. Gainera, azpimarratzen zuen baztertzailea dela etxeko langileek langabezia saria ez izatea.
Mariana Urcuyo, LAB sindikatuko etxeko langileen atal sindikaleko arduradunak adierazi du ebazpen «oso garrantzitsua» dela, eta etxeko langileen eskubideen alde borrokan jarraitzeko beste arrazoi bat dela. Adierazi du etxeko langileak beren eskubideen aldeko etengabeko borrokan bizi direla, eta uste du «harrigarria» izan beharko lukeela 2023an eskubide horien alde borrokatzen jarraitu behar izateak.
LABi dagokionez, Ainhize Muniozguren abokatuak azaldu du sindikatuak urteak daramatzala etxeko langileen kolektiboa antolatzen, eta bidea «oparoa» izan den arren, esan du oraindik bide «luzea» dagoela egiteko. Ebazpenaren garrantzia nabarmendu du, eta erantsi du etxeko langileek pairatzen duten diskriminazioa eraisteko borrokatuko direla.