Pilota

Jokin Altunak jantzi du lau eta erdiko San Fermin Torneoko txapela

14-22 hartu du mendean Erik Jaka. Txapeldunak ez du partidaren lehen zati ona egin, baina lehen atsedenaldi luzearen ostean buelta eman dio, pilotari abiadura gehiago emanez, eta sakean asmatuz. Jakak ezin izan du biribildu egindako partida hasiera ona.

Jokin Altuna pilotari jotzen gaurko finalean. JAGOB MANTEROLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2023ko uztailaren 7a
13:58
Entzun

Pilotari handiek zerbait badute, talentua da. Eta hori, partida horren ona egiten ez dutenean ere atertzen dute. Gutxi behar dute tanto erreskada bat egin, eta zaildu egin zaien norgehiagoka bati buelta emateko. Hala egin du Jokin Altunak lau eta erdiko San Fermin Torneoko finalean. Partidaren lehen zatian Erik Jakak estu hartu du. Lizartzakoak partida bikaina egin du, eta ordu arte hobea izan da. Baina Amezketakoak eutsi egin dio, aipatutako talentuari esker tantaka tanto ikusgarriak eginez. Lehen atsedenaldi luzearen ostean, gainera, abiadura handiagoa eman dio pilotari, eta sakearekin lau tanto segidan egin ostean aurretik jarri, eta azken txanpan oso nagusi izan da. Hala, 14-22 irabazita, hirugarrenez jantzi du txapela. Gustura zen partida amaieran.«Hasieran asko kostatu zait. Pilota ez zait eskuan ondo sartu, eta Erikek ondo mugitu nau. Sakearekin ere min egin dit. Bigarren zatian erasoago aritu naiz, eta sakeari esker buelta eman diot. Banuen gogoa eta beharra txapel hau lortzeko. Izan ere, joko aldetik urterik onena egiten ari naiz, baina txapelik irabazi gabe nengoen. Sekulako poza hartu dut irabazita, gero eta garestiago baitago». Jakak, berriz, sentipen kontrajarriak zituen:«Alde batetik pozik nago, partidaren zati luze samar batean maila onean jokatu dudalako eta nagusi izan naizelako. Sentipen onak izan ditut. Baina haserre ere banago, une erabakigarrietan ez dut asmatu, eta ez naiz gai izan horri buelta emateko. Txapelaren bila etorri naiz, ez dut lortu eta amorratuta noa».

Altuna III.a zen faborito argia finala irabazteko. Baina partida ez da nahi bezala hasi harentzat. Alderantziz. Jakak nahi zuen lekura eraman du norgehiagoka hasiera horretan. Lizartzakoari ez zitzaion partida nahastea komeni, baizik eta tanto bizkorrak egitea sake errestoaren bidez, hori baita haren indargunea. Eta lortu du, 3-0 aurretatu baita. Hiruna berdindu du Altuna IIIak. Baina Jakak berdin jarraitu du. Oso ondo sakatu du lehen tanto horietan, eta txinpartarekin ikusi zaio, erasokor, eta min eginez. Defentsan ere ondo moldatu da, 8-3ko errenta lortzeraino.

Baina hurrengo sakea luze joan zaio. Eta hurrengoan ere, aukerako pilota batean, ez du eskua ondo sartu. 8-7ra gerturatu dan Altuna III.a markagailuan. Baina ez zaio gustura eta eroso ikusi. Eskutik pilota ez zaio ohikoa duen abiadurarekin atera, eta ez da ohiko eraginkortasunarekin aritu. Baina ikusgarria izan da bederatzina berdintzeko egin zuen tantoa. Jakak pilota bikaina bota dio txokora, baina iritsi eta bazterrera pilotakada ederra eman du. Aurretik zen hala ere Lizartzakoa, eta bere lana ondo egiten. Oraindik ere fresko ikusten zitzaion, eta aurkaria ondo mugitzen. Baina ez du partida haustea lortu, hori falta izan zaio. Altunak IIIak hortzak estutzen jakin da. Jaka 12-10 iritsi da aurretik lehen etenaldi luzera.

Atsedenalditik bueltan lehen tantoa Jakak egin du. Baina pixkana beteago ikusi zaio, nekearen eta Labriten egiten zuen beroaren eraginez. Altuna III.ak berriz, erritmo apur bat gehiago eman dio pilotari, eta hobeto atera zaio eskutik. Gainera, saketik min egiten hasi da. Horrek lehen aldiz aurretik jartzea ahalbidetu dio: 14-15. Lau sake egin ditu segidan, eta bigaren atsedenaldira oso bestelako egoeran iritsi da, 14-18 baitzen aurretik.

Horrek patxada eman dio. Jakari, berriz, ezinean ikusi zaio azken txanpa horretan. Tantoa lortzeko izan dituen aukera apurrak ez ditu baliatu, eta hasieran zuen txinparta galdu du. Hala Altuna III.a 22ra ailegatu da, azken tantoetan nagusi izanda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.