Hego Euskal Herriko txoko askotan 35 graduren bueltan ibiliko dira gaur termometroak, Euskalmet meteorologia agentziak jakitera eman duenez– AEMETek abisu horia ezarri du ia Nafarroa osoan–. Biharko ere espero da beroa. Hori hala, beroaldiari aurre egiteko plan berezia ondu dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak; batez ere arrisku taldeentzako gomendioak jaso dituzte.
Jaurlaritzak gogoratu du tenperatura oso altuek ondorio negatiboak dituztela osasunean, morbilitatea eta hilkortasuna igotzen baitira. «Tenperatura altuek biztanle guztiei eragin diezaiekete, baina bereziki dira arriskutsuak gaixotasun kronikoak dituztenentzat, ospitaleetan dauden pertsonentzat eta 4 urtetik beherako haurrentzat». Egoera sozioekonomikoagatik «bazterketa, isolamendua, mendekotasuna edota desgaitasunen bat» pairatzen duten kolektiboak ere arrisku taldekoak direla jaso dute planean. Eta bereziki haiek babesteko, hurrengo gomendioak egin dituzte:
-Beroaldiari aurre egiteko, ura etengabe eta egun osoan edateko gomendatu du Jaurlaritzak, eta ekiditeko kafeina, alkohola edo azukre gehiegi duten edariak. Halaber, barazki eta fruta gehiago hartzeko eta otordu oparoak saihesteko aholkatu du.
-Etxean eguzkiak jotzen badu, leihoak itxita eta pertsianak jaitsita izatea da egokiena. Haizagailu bat edukitzea ere gomendagarria da, eta bero handia izanez gero, gorputza ur hotzarekin freskatzea ere bai.
-Kalean, eguzkitan egotea saihestu behar da eguerdian zein arratsaldeko lehen orduetan. Eta eguzkitan lan egin beste erremediorik ez dagoenetan, burua estaltzeko, arropa arin eta transpiragarriak janzteko eta ur asko edateko aholkatu dute.
-Arreta berezia jarri behar da ume txikiekin, adineko pertsonekin eta gaixo daudenekin. «Aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu baten barruan ez du inork geratu behar, ezta itzalean egonda ere», gogoratu dute. Planak dioenez, adineko pertsonak eta bakarrik bizi direnak gutxienez egunean behin bisitatzea komeni da.
-Intsolazio bat izanez gero, hurrengo pausoak emateko aholkatu dute: leku freskoan jarri, burua eta besapeak konpresa busti eta hotzekin estali, eta ura gatza eta bikarbonatoarekin edan. Konorterik gabe egonez gero edo botaka eginez gero, burua alde batera okertu eta aire bideak libre mantendu behar dira. Larrialdi kasuetan, 112 telefonora deitu.