Kirol eskalada

Euskal selekzioa bikain autonomia erkidegoen arteko Espainiako gaztetxoen txapelketan

Coruñan (Galizia) jokatutako proban, kadeteetan hirugarren izan dira euskal eskalatzaileak, eta haurren kategorian, seigarren. Blokeko eta zailtasuneko proben konbinatuan garaile izan dira Ines Allende eta Eñaut Uson.

Euskal selekzioko gaztetxoak Coruñako proban. EMF
ramon olasagasti
2023ko uztailaren 13a
15:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uztailaren 6tik 9ra autonomia erkidegoetako selekzioen Espainiako eskalada txapelketa jokatu zen Coruñan (Galizia), 14 urtez azpiko eta 16 urtez azpiko mailetan; hau da, haurren eta kadeteen kategorietan. Eskaladako hiru diziplinetan jokatu zen proba (blokea, zailtasuna eta abiadura), eta euskal selekzioa oso maila onean aritu zen: 16 urtez azpikoetan hirugarren izan zen, eta 14 urtez azpikoetan, seigarren.

Euskal selekzioko 8 eskalatzailek hartu zuten parte Galizian jokatutako txapelketan, eta batez ere blokeko eta zailtasuneko probetan eta bien konbinatuan erakutsi zuten beren maila. Modalitate horietan hainbat domina lortu zituzten. Kadeteetan, esaterako, Udane Mujikak garaipena lortu zuen blokeko proban, eta Ines Allendek beste horrenbeste egin zuen zailtasuneko modalitatean. Maddi Agirre, berriz, bigarren izan zen blokean eta hirugarren zailtasunekoan. Hala, bi modalitateen sailkapen konbinatuan, euskal selekzioko hiru neskek berenganatu zituzten podiumeko lehen hiru postuak: Ines Allende izan zen txapeldun, Udane Mujika bigarren eta Maddi Agirre hirugarren.

Mutiletan, Eñaut Uson ere txapeldun izan zen blokeko eta zailtasuneko sailkapen konbinatuan. Blokean bigarren izan zen tolosarra (Gipuzkoa), eta sokako modalitatean txapeldun. Beraz, biak kontuan hartuta, beretzat izan zuen garaipena.

Aipatutakoez gain, beste hauek ere lehiatu ziren Coruñan: Elene Otermin Losada, Laia Beltran de Heredia Rangel eta Lier Perez Barreras haurren kategorian, eta Gari Markuerkiaga Sarria kadeteen mailan. Guztira, 10 dominarekin itzuli dira euskal selekzioko kideak.

Hobetu beharrekoen artean, Euskal Mendizale federazioko prestatzaile eta teknikariek garbi ikusi dute abiadurako modalitatea gehiago landu behar dutela. Modalitate horretan apalagoak izan dira euskal eskalatzaileen postuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.