Jaialdiak

Txinpartak sua ekarri du berriz

Baztandarren Biltzarra elkartea desagertu zen iazko abenduan, eta kolokan gelditu zen, ondorioz, aurtengo besta. Elkartean ziren herritar batzuek bilera batera deitu zituzten herritarrak otsailean, biltzarra antolatzen saiatzeko: lortu dute «berpiztea», eta igandean hirurogei urte beteko ditu.

Baztandarren Biltzarra, iaz. ANDONI CANELLADA / FOKU
edurne elizondo
2023ko uztailaren 14a
10:52
Entzun

Oraingoa krisi bat baino larriagoa izan da”. Horixe erran du Baztandarren Biltzarreko kide Alvaro Gardek (Arraioz, 1994), elkarte horren azken hilabeteotako gorabeherei buruz. Izan ere, joan den abenduan elkartea desagertu egin zen, eta kolokan gelditu zen, ondorioz, baztandarren aurtengo besta. Azkenean, hilik zena “berpiztea” lortu dumherritar talde batek, eta, haien ahaleginari esker, Baztandarren Biltzarra eginen dute igandean, Elizondon. Besta horren hirurogeigarren urteurrena ospatuko dute.

“Udazkenean hasi ginen aurtengo bestari buruzkoez hitz egiten, eta agerian gelditu zen taldea indarrik gabe zegoela”, oroitu du Gardek. Iazko Baztandarren Biltzarra prestatzen ari zirenean ere “laguntza” behar zutela garbi utzi zuten elkarteko kideek. Eskaera horrek ez zuen erantzunik jaso 2022. urtean, eta, ondorioz, urtarrilaren 2an Baztandarren Biltzarra elkarteko kideek jendaurrean azaldu zuten besta antolatzeko ardura utziko zutela. “Batzuek bagenuen segitzeko gogoa, baina elkartea uztea erabaki genuen”, berretsi du Gardek.

Bestarik gabe gelditzeko arriskuak herritarrak astindu egin zituen, bertze behin. “Jendea ohartu zen ezin dugula Baztandarren Biltzarra galdu, hor badugula altxor bat, auzolana eta euskara ardatz dituena”.

Elkartean segitu nahi zutenek bilerara deitu zituzten herritarrak; otsailean egin zuten lehendabizikoa. “Jende anitz bildu ginen”. Hirugarrenean, Baztandarren Biltzarra elkartea berriz martxan jartzea eta besta antolatzea erabaki zuten. “Sartu da gogoz eta ilusioz dagoen herritar talde bat, eta lortu dugu aurrera egitea”, erantsi du Gardek.

Hogei pertsona inguruk egin dute bat elkartearekin, eta haietako bat da Jone Etxeberria (Elizondo, 2006): “Baztandarren Biltzarra besta berezia da. Gal genezakeela ohartu nintzenean, elkartean sartzea erabaki nuen”.

Hasierakoak omendu

Etxeberriak nabarmendu du helburua ez dela bakarrik aurtengo besta egitea. “Asmoa da elkartea egonkortzea; inportantea da jende gaztea sartzea eta elkartea urtero sendotzea”. Apirilean hasi ziren aurtengo Baztandarren Biltzarra prestatzen, eta orain arteko prozesua “arras polita” izan dela kontatu du Etxeberriak. Igandeko bestan “barrutik” murgiltzeko irrikan da. “Uste dut berezia izanen dela”.

Gardek eskertu du elkarteko kide berrien ahalegina, eta nabarmendu du “lan egiteko gogoz” sartu direla. Gogo horren ondorioz, hain zuzen, bideoklip bat egin dute aurtengo besta iragartzeko. “Motibatuta dagoenari eman behar zaio bidea gauzak egiteko. Bideokliparekin, gainera, Baztandarren Biltzarra sortu zutenak omendu nahi izan ditugu”, azaldu du Gardek.

Baztandarren Biltzarraren leloa ere “berritu” dute antolatzaileek —Gaurko hazia, etziko bizia—, bestak aurrera egin dezan herritarren konpromisoa “behar” dutela nabarmentzeko. Lelo hori hartu du oinarri Pello Fagoagak (Arraioz, 2003), hain zuzen, igandeko besta iragartzeko kartela egiteko. “Lan berezia” izan dela kontatu du, Baztandarren Biltzarraren hirurogeigarren urteurrena ospatzeko balio izan duelako. Bi emakume irudikatu ditu, “amatxi bat eta haren biloba”, biak lurra lantzen. Uzta jasotzeko hazia erein egin behar dela kontatu nahi izan du Fagoagak. Baztango egungo auziekin ere lotu nahi izan du marrazkia, eta lurraren bidez, Erdizko proiektua salatu.

Baztandarren Biltzarra elkarteko kide berriek euren ukitua eman nahi izan diote besta prestatzeko bideari; igandeko jaiak, baina, “ohiko” moldeari eutsiko dio, eta Baztango herrietako orgen desfilea eta bazkaria izanen ditu ekitaldi nagusi. “Jendeak maite du besta bere horretan, eta bide beretik segitzea erabaki dugu”, aipatu dute jaiaren antolatzaileek.

Iganderako, hain zuzen, dena prest dute Baztandarren Biltzarra elkarteko kideek. Gardek badaki zer den besta antolatzea eta bestaz gozatzea; elkartean sartu diren kide berriek, oraindik ez. Gardek garbi du biharko esperientzia izanen dela lantalde berria “erabat saretzeko” falta dutena. “Egindako lanaren emaitzaz ohartzeak erabat hunkitzen zaitu”, erran du antolatzaileak. Oroitu du elkarteak beti beharko duela jendea. Herritarrei eskatu die bat egin dezatela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.