Argazkilaria ez ezik mendizalea, mendiko snowboarderra ere bada Yhabril Moro. Duela hiru urte, Villanuara (Huesca, Pirinioak) bizitzera joatea erabaki zuen, eta erabakiarekin bete-betean asmatu duela sentitzen du: «lan eztanda» izan zen.
Mendi Filmeko irudi nagusi izateko hautatua izan da zure argazkia. Horren bila zenbiltzan aspaldion, eta lortu duzu.
Bai, CVCE Photo lehiaketan sari hori sortu zenetik, duela zazpi urte. Denbora horretan, nire ibilbidea lehiaketa horrekin parez pare garatu da. Nire lehen sari nagusietakoa bertan irabazi nuen, 2016ko bigarren saria. Eta garai hartan sortu zitzaidan argazkilari onenen pare egoteko grina hori. Horraino heltzea kasualitatea izan daiteke; zailena, ordea, mantentzea da. Horregatik, Mendi Filmeko kartelaren irudia CVCE Photoren bidez saritzen hasi zenean, helburu hori lortzeko behar nuen puzzlearen azken pieza aurkitzea bezala izan zen niretzat. Hau nire ogibidea da, zorte handia dut horretan, eta, ia egunero aritzen naizenez argazkiak ateratzen, oso artxibo zabala dut. Maiz kexatu egiten naiz lehiaketaren batera argazkiren bat aurkezteko asmoa izan eta hainbesteren artean hautatu behar izaten dudanean; gaizki pasatzen dut, eta aste oso bat behar izaten dut erabakitzeko. Kontrakoa litzateke txarra, non aukeratu ez izatea. Baina esandakoa: hainbesteren artean hautatu behar horretan gaizki pasatzen dut, eta Mendi Filmerako egin behar denean, are okerrago. Horizontalean nahiz bertikalean balekoa izan behar du, marketako logoak ez daitezela nabarmendu, arreta ematen duen argazkia izan behar du… Eta horrek guztiak are zailago egiten du hautaketa. Argazkiak ateratzera joaten naizen aldiro, kontuan hartzen ditut baldintza horiek guztiak.
Nolakoa izan zen 'X-Man' argazki saioa?
Ordesako Sorrosal ur jauzian egina dago, Torlatik gertu. Ibilgailua utzi eta oinez, batere zailtasunik gabe, hiru minutuan heldu daiteke edonor bertara. Horretan dago argazki honen balioa: hain ezaguna eta hurbila den toki bati txispa nola atera asmatzean. Oso toki turistikoa da, zirku txiki bat, eremu murritza. Eredu bezala erabiltzen dut, erakusteko posible dela uste ez den lekutik indar handiko 10-15 bat argazki sortzea. Arratsalde hartan egindako argazki bikainez betetako karpeta bat daukat. Patxadaz lan eginez lortzen da hori, tokira iritsi eta hura aztertzeko denbora hartuz, bertako giroan murgilduz. Udazkeneko egun ilun eta heze bat zen, eta, ingurumari hartan paseatzen nenbilela, berehala arreta piztu zidan konposizio hark: ur jauziaren zuritasuna asko nabarmentzen zen hondo horren gainean eta X formako harri testura horien lehen planoan. Chano da korrikalaria; agertoki hura irudikatu ahala deitu nion, eta, ordu gutxiren buruan, saioa egitera bertaratu zen laguna.
Mendiko snowboarderra ere bada Yhabril Moro. Yhabril Moro
Outdoor eta natura argazkilaria zara, edo zabalagoa da zure lan esparrua?
Denetarik egiten duen argazkilari bat naizela uste dut, eta erraz moldatzen dena. Nire lanak oihartzun handia du outdoor, abentura, natura, fauna eta halako gaietan, eta beharbada hor kokatzen naute. Baina hastapenetan, duela hamar bat urte baino ez, surrealismoa zen nire lanaren ardatza. Hasieran, edizio surrealistak egiten nituen iPhonearekin, Photoshop erabili gabe, eta oso harro nago horretaz. Asko gustatzen zait erretratua, baita paisaia ere, ekitaldiak ere egin izan ditut… Pasioak mugitzen nauelako moldatzen naiz hain ongi. Baina egia da mendian moldatzen naizela ongien, zoragarria da. Bilbotarra naiz, eta Gorlizkoa adopzioz. Duela hiru urtera arte, urte erdi egiten nuen hondartzan, eta beste erdia mendian, eta hori oztopo bat zen niretzat. Urte osoan Villanuan (Huesca, Pirinioak) bizitzeko erabakia hartu nuen, eta lan eztanda bat izan zen, edukiak sortzeko eztanda bat. Azken hiru urteotan asko igarri dut hori; nabarmen ikusi dut hau dela nire lekua argazkigintzan aritzeko. Etxetik irten eta, minutu erdian, bidezidorrean nago, eta hori oso garrantzitsua da nire lanerako. Beraz, bai, natura argazkilaria naizela uste dut, bere osoan.
Elurretako argazkigintzan nabarmendu izan zara, baina alor gehiago ere jorratzen dituzu.
Bizilekua Pirinioetan ezarri nuenetik, mendiko kirol argazkilaritza asko egiten ari naiz, urtaro guztietan, eta, betiere, argazkigintzaz dudan ikuspegi artistikora moldatuz: boulderra, eskalada, mendiko bizikleta, mendian lasterka aritzea, eskia, snowboarda… Zorionekoa naiz, askatasun artistikoa emanaz kontratatzen nautelako sarritan. “zure lana egitea nahi dut, konfiantza osoa dut zure lanean, badakit zer egiten duzun, eta hori da nahi dudana”, esan izan didate.
Esaten duzu ez zarela eskalatzailea, ez eta alpinista ere… Baina gutxienez onartuko duzu snowboarderra bazarela. Natura argazkilari batentzat dohain mesedegarriak dira guztiak, edonola ere.
Txikitandik ezagutu dut mendia. Nire aitari beti gustatu izan zaio, eta anaia eta biok harekin maiz joaten ginen Gorbeiara, ia igandero. Ondo diozun bezala, ez naiz eskalatzailea, ezta alpinista ere, eta bai, snowboard irakasle tituluduna naiz eta hartan lan egin dut azken hamabost neguetan. Ikaragarri maite dut mendia, eta mendizale aparta ez banaiz ere, itxuraz konpontzen naiz bertan. Orduak eta orduak sartuz egokitzen zara, batean eta bestean mugitzen ikasten duzu, arriskuak aurreikusten, aztertzen, bat-bateko eguraldi aldaketen aurrean erreakzionatzen, GPS sistemak erabiltzen, badaezpadako bigarren edo hirugarren planak egiten, edota soinean zenbateko zama eraman dezakezun kalkulatzen. Entrenamendu bat ere behar da, noski, sasoi txukuna izan behar da 15-20 kilo material eraman ahal izateko. Zamaren kontuan eskuzabalegi aritzeko joera daukat, oso gaizki pasatzen baitut material faltagatik argazki eder bat egiteko aukera galduz gero. Nahiago izaten dut zamatuta joan, mando baten pare, gero zerbait behar izan eta hura ez edukitzeaz damutu baino, eta hori, batzuetan, onartu beharreko oztopo bat izan ohi da.
Argazkietan ateratzeko prest dagoen atleta asko izango duzu, seguru.
Ba, hara, argazkilari lankideek askotan esaten didate kosta egiten zaiela modeloak, atletak lortzea, eskiatzaileak batez ere, eta galdetzen didate ea nolatan lortzen ditudan nik hainbeste lagun horretarako. Bada, erantzuna oso erraza da: betidanik egin dugun zerbait denez, ohituta gaude hori egitera; ni argazkilaritzan hasi baino lehenagotik ibiltzen gara lagunok horrela, eta zorte hori dut, lagunarte hori aspaldikoa dela.
Eta zer aholkatuko zenieke pasio honi eutsi nahi diotenei, eta zugan eredu bat ikusten dutenei?
Pasioz egin dezatela lana, eta gauzak euren buruarentzat egin ditzatela. Ez dira gora egun batetik bestera iritsiko; bide hau nahiko luzea izan ohi da, nahiz aitortu behar dudan niretzat azkar samarra izan dela dena. Baina hogei edo hogeita hamar urte behar izan banitu ere, edo sekula iritsi izan ez banintz ere, ez lidake axolako; egiten dudana gustatzen zaidalako egiten dut, bete egiten nauelako. Beste kontu bat da fase desberdinak gainditu behar direla, doan lan egin, borrokatu, aipamenak jaso, zutaz barre egingo dute noizbait… Baina egiten duzun horretan konfiantza baduzu, hori beti egongo da hor. Eta argazkilari profesional bihurtu ote zaitezkeen pentsatzeko unea iristen denean, hartu erabakia. Hori gomendatuko nuke nik, gauzak norberarentzat egitea, eta jauzi hori noiz egin daitekeen antzematea. Eta gai ez zarela ikusten baduzu, ez du axola: beste gauza batzuei ekin, eta argazkilaritzaz gozatzen jarraitu ezazu, pasioz, bizitza osoan.