Hiru irabazle desberdin izan ziren denboraldiko lehen hiru estropadetan Euskotren Ligan. Gaur, ordea, ontzi batek balantza bere aldera mugitu du, bigarren bandera irabaziz. Arraun Lagunak izan da ontzi hori. Izan ere, Andrea Astudillok gidatzen duen taldea izan da azkarrena Bilboko erlojupeko estropadan, eta sailkapeneko berdintasuna puskatu du jarraian bigarren bandera irabaziz. 29 punturekin jarri da sailkapeneko goialdean, eta liga irabazteko hautagai sendoa dela frogatu du. Eremu horretan bikain moldatzen dela erakutsi du beste behin, hirugarrenez jarraian nagusitu baita Bilboko itsasadarrean.
Lau kaleko ohiko formatuak, beste itxura bat izan du gaur. Kale bakarreko erlojupekora moldatu dute, eta irteera ordena sailkapen nagusiko ordenaren alderantzizkoa izan da. Sailkapeneko lau traineru apalenek eman diote hasiera lehiari: Tiranek, Cabok, Hibaikak eta Hondarribiak, hurrenez hurren. Haize aldaketa sumatu da hasieratik, baina ez du eragin handia izan estropadaren nondik norakoan. Lehen erreferentzian, Hondarribia iritsi denerako, segundo bana ateratzen zizkion Cabori eta Hibaikari. Sendo hasi dute estropada Ama Guadalupekoa ontziko arraunlariek, baina ziabogan Hibaikak egin du denborarik onena, aurkariei segundo bateko tartea sartuz. Itzulian dena eman dute hiru taldeek, baina Hondarribia eta Hibaika gailendu dira, eta bien arteko lehia izango zela erakutsi dute. Denbora berean izan dira momentu luzez, eta gehienez segundo bateko tartea eman du erlojuak baten edo bestearen alde. Azken estropadetako egoera berbera errepikatu da, eta azkenean Hondarribiak irabazi du txanda, 73 ehuneneko tartearekin Hibaikarekiko. Cabo sei segundora iritsi da, eta Tiran izan da helmugaratzen azkena lehen txanda horretan, hogeira.
Ohorezko txanda zeuden begirada guztiak. Bertatik atera dira denboraldiko hiru banderen irabazleak: Arraun Lagunak, Donostiarra eta Orio. Tolosaldea ere atera da haiekin, bandera lortu ez arren. 19 punturekin Oriorekin eta Donostiarrarekin berdinduta zegoen sailkapenean. Ziztu bizian eman dute hasiera lau traineruek. Erreferentziek alde txikia markatzen zuten lehen metroetan, baina ziabogan ikusi dira haien arteko tarteak. Ziabogatik azkarren irten dena Arraun Lagunak izan da, 5:09ko denborarekin, baina Donostiarra ere gertu ibili da, segundo batera besterik ez. Orio ere borroka horretan egon da, bi segundora iritsi baita. Tolosaldea, ordea, urrunago geratu da, zortzira. Helmugarako bidea ertzetik egin dute traineru guztiek, bazter-bazterretik, denbora onena markatzeko ideiarekin. Ababorrera edo istriborrera alda zezaketen norabidea erabakigarria zen. Azkenean, erritmoa gogortu egin du Arraun Lagunak-ek, eta garaipena lortu du, 10:24ko kronoarekin. Ohorezko txandako bigarrena Donostiarra izan da hiru segundora, hirugarren Orio seira, eta laugarren Tolosaldea hogeira.
Gauzak horrela gaurko estropadako lehen lauak Arraun Lagunak, Donostiarra, Orio eta Hondarribia izan dira. Gauzak horrela, lau ontzi horiek irtengo dira bihar ohorezko txandan Orioko estropadan. Hondarribiarrak lehen aldiz arituko dira txanda horretan sasoi honetan.