Ezbeharra

Adin txikiko bat hil da Barakaldon gertaturiko sute batean

Bi pertsona erietxean daude oraindik. Udalak dolu eguna ezarri du, eta bertan behera utzi ditu Karmengo jaiak.

Suhitzaileak, erretako eraikinean lanean, gaur goizean. MIGUEL TOñA / EFE
2023ko uztailaren 16a
09:04
Entzun

Igandeko goizaldeko 03:00ak aldera sua piztu zen Barakaldoko (Bizkaia) Portu kaleko etxebizitza bateko laugarren solairuan. Adingabeko baten gorpua autkitu zuten suhiltzaileek, sua itzaltzeko lanak amaituta hondakinen artera sartu ostean. Sutearen ondorioz, sei pertsona erietxera eraman behar izan zituzten; dagoeneko lauri sendagiria eman diete.

Sua nola piztu den ikertzen ari dira, eta ez dute baztertzen eraikina eraitsi behar izatea. Lekukoen arabera, garrak oso handiak ziren, eta etxeko hainbat biztanle, haurrak tartean, leihoetatik ihes egiten ikusi zituzten.

Dolu eguna

Barakaldoko Udalak dolu egun izendatu zuen atzokoa, eta bertan behera utzi zituen Karmengo jaien harira gaurko antolaturiko ekitaldiak.

Udaleko ordezkari politikoek doluminak adierazi dizkiote hildakoaren familiari, eta informazio bulegoa eratu dute Udaltzaingoaren bulegoan, ezbeharraren biktimentzat.

Hagen inguruko polemika

Ezbeharrak berriro piztu du polemika autoak espaloian aparkatzea edo oinezkoentzako kaleetan sartzea galarazten duten haga edo bolardoen inguruan. Suhiltzaileek haga horietako zenbait zerraz moztu behar izan zituzten Portu kalean sartzeko.

Duela zortzi urte ere polemika iturri izan ziren haga horiek. Orduan ere jaietan zegoen Barakaldo, eta barraken esparruan noria batek izandako istripu baten ondorioz zenbait lagun handik jaitsi ezinik lotu ziren. Suhiltzaileek arazoak izan zituzten barraken esparrura sartzeko haga horiek zirela eta, eta erreskatea zenbait orduz atzeratu zen.

Orduan alkatetzara iritsi berria zen Amaia del Campo gaur egungo alkatea, eta iragarri zuen herrian zeuden haga guztiak kalez kale aztertuko zituztela, eta larrialdi zerbitzuetarako oztopo izan zitezkeenak kendu egingo zituztela. Horren ondorioz, 722 erretiratu zituzten. Orain, Del Campok iragarri du berriro aztertuko dutela haga horien egokitasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.