Uztailaren 23ko Espainiako Gorteerako hauteskundeen inguruko inkesta kaleratu du EITB taldeak, EITB Focus, eta, horren arabera, UPNk ez luke lortuko diputaturik Madrilgo ganberan. PPk, berriz, bi eserleku aterako lituzke, UPNren ohiko boto emaile askoren botoa eskuratuta, PSOEk bezainbeste lurralde horretan. EH Bilduk berriz, azken deialdian lortutako diputatu kopuruari eutsiko lioke, eta, zehazki, Bel Pozuetak Espainiako Kongresuan segituko luke, betiere EITB Focusen arabera.
Horiek horrela, EH Bilduk sei diputatuko taldea osatuko luke Madrilen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan beste bost eserleku eskuratuko bailituzkete, azken deialdian baino bat gehiago. EAJk ere bost aterako lituzkete, galdeketaren arabera, 2019ko hauteskundeetan baino bat gutxiago. Sumarrek, berriz, diputatu bakarra aterako luke hiru lurralde horien osotasunean, Bizkaian hain zuzen (Lander Martinez), eta, hortaz, Elkarrekin Podemosek 2019an atera zituenekin alderatuta, bi galduko lituzke. PPk, berriz, Sanchez-Nuñez Feijooren buruz buruzkoaren haizea lagun, bat gehiago aterako luke.
Hala, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk bosna diputatu lortuko lituzkete Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, EITB Focus makroinkestaren arabera. Dena den, inkesta egileek diote eserleku horietako batzuk jokoan daudela oraindik, «lurralde batzuetako azken ordezkaria boto gutxiren aldearekin erabakiko baita». Bide horretatik, «EAJk bilduko luke boto gehien Euskadin», bozen %28 eskuratuta, baina diputatu bat eta lau puntuko babesa galduko lituzke 2019ko emaitzekin alderatuta.
EH Bilduk ia sei puntuko hazkundea izango luke botoetan, %18,8tik %24,7ra pasatuta, eta, esan bezala, azken hauteskundeetan baino ordezkari bat gehiago lortuko luke. PSE-EEk, berriz, %23,1eko babesarekin (ia lau puntu gehiago), diputatu bat gehiago izango luke, azken bozetan baino. Bestalde, Sumar koalizioak bost puntu atzera egingo luke botoetan, Elkarrekin Podemosek lortutakoekin alderatuz, eta, horrek emaitza kaskarra ekarriko lioke, bi diputatu gutxiago aterata. Emaitzak hobetuko dituena, galdeketaren arabera, PP da, boto emaileen %10,3k egingo bailukete haren alde, eta horrela lortuko bailituzke diputatu bat ez baizik bi Madrilen.
Nafarroa
Nafarroan, berriz, PSNk eta PPk bina diputatu eskuratuko lituzkete Nafarroan, baina PSNk bilduko luke boto gehien, PPri bost punturen aldea aterata, EITB Focus inkestaren arabera betiere. PSNk 2019an baino eserleku bat gehiago lortuko luke, hortaz, ia hiru puntuko hazkundeari esker (%25etik %27,7ra).
PPk, ordea, emaitza horien eserleku kopurua parekatuko luke, duela lau urte Navarra Suma koalizioak (UPN, PP eta Ciudadanos) irabazitako bi eserlekuak eskuratuko bailituzke, UPN Kongresutik kanpo utzita.
Nafarroan ordezkaritza izango lukeen azken alderdia EH Bildu izango litzateke. Koalizio abertzaleak mantendu egingo luke azken hauteskundeetako ordezkaria, botoen %18 lortuta (puntu bat gehiago). Eta sei diputatu eramango lituzke Madrilera, Hego Euskal Herritik.
Sumar koalizioak, berriz, ez lioke eutsiko 2019an Unidas Podemosek eskuratutako diputatuari.