EITB Focus inkestaren arabera UPN Espainiako Kongresutik kanpo geldi daitekeela jakin den goiz berean, alderdiko zerrendaburu Alberto Catalanek PPri botoa emateak duen arrisku jakin bati buruz hitz du: Alberto Nuñez Feijooren alderdiak EAJrekin aliantza bat egin dezakeela helarazi du, eta horrek «arrisku handia» dakarrela Nafarroarentzat. Hau da, UPN ala PP bozkatu, hori ez dela gauza bera azpimarratu nahi izan du Catalanek, aurreko deialdian egindako Navarra Suma koalizioaren desegokitasuna onartuz, lerro artean.
«UPNk kezkarekin ikusten ditu Feijook EAJri egiten dizkion laudorioak. Alderdi horrek sanchismoari eutsi dio azken urteotan, eta Nafarroa berezko entitate gisa desagertzea nahi du; Euskal Herria esaten dioten entelekia horren zati bat izatea nahi du, eta, gainera, PSNrekin eta EH Bildurekin batera, foru erkidegoaren egungo gobernu eredua babesten du», esan du, Erriberrin (Nafarroa). «Nafarroa foruzalea eta espainiarra da, eta horrela defendatzen jarraituko dugu», erantsi du.
Defentsa hori egiteko, botoa eskatu du UPNrentzat, Madrilen «PPk alderdi horiekin egin ditzakeen akordioen aurrean dike baten gisa» aritu dadin UPN, «independentismoaren aurka». Nafarroako alderdi eskuindarraren ordezkariek «beren ahotsa» izango dutela azpimarratu du Catalanek, eta hori garrantzitsua izango dela «Nafarroaren nortasuna defendatzeko».
PPren aldean UPNk beste interes batzuk dituela nabarmentze aldera, hautagaiak hitzeman du «Nafarroaren autogobernuan esku hartzerik» egongo ez dela zainduko duela UPNk Madrilen, «ez dadin egon eskumenen inbasioa ekarriko lukeen legerik».