Euskal herritarrek Espainiako Kongresurako 23 diputatu eta Senaturako hamasei senatari aukeratuko dituzte Araba, Bizkai, Gipuzkoan eta Nafarroan, uztailaren 23ko bozetan. Posta bidezko botoen kopurua inoizko handiena izango da. Eusko Legebiltzarrerako 2020ko uztailaren 12ko deialdia da gehien gerturatzen dena datu horietara, pandemiaren gordinean; baina nahiko atzetik: 2020ko boz horietan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erroldaren %7,3k bozkatu zuen formula horren bidez, 125.255 boto emailek, eta ordu arteko marka ezarri zuten.
Guztira, 262.132 herritarrek eskatu dute Hegoaldean posta bidez bozkatzea, eta Espainiako Correosek esan du eskaera guztiak kudeatu dituela, eta eskatzaile gehienek botoa eman dutela jada. 236.101k posta zerbitzuaren bulegoetan bozkatu dute, eta gainerakoek, 25.985k, telematikoki. Lurraldez lurralde erreparatuz gero, Bizkaian egin dute eskaera gehien: denera, 126.188. Gipuzkoan 57.559 eskaera zenbatu dituzte, Nafarroan 47.411, eta Araban 30.928.
Horiek horrela, 2.308.969 herritarrek dute botoa emateko eskubidea Hegoaldean. Errolda horretan daude atzerrian bizi diren euskal herritarrak ere, hain zuzen 110.276 botoa emateko eskubidearekin. Bozkatzeko 1.081 hautesleku zabalduko dituzte, 102 Araban, 340 Bizkaian, 277 Gipuzkoan eta 362 Nafarroan; horietan, 3.652 hauteskunde mahai egongo dira, eta boto emaileek 25,4 milioi boto paper aurkituko dituzte hauteslekuetan jarriko dituzten kabinetan.
Correos, luparen azpian
Uda betean egindako deialdiak posta bidezko botoaren aukera bultzatu du, eta Correosen jarduna luparen azpian jarri du PPk, aditzera emanez bulegoen aurrean sortu diren ilarek islatzen dutela nahita bilatutako utzikeria bat, botoa oztopatzeko. PPren Espainiako presidentegai Alberto Nuñez Feijook behin baino gehiagotan aipatu du aukera hori, eta esan du Correoseko langileei ordu estrak pagatuko dizkietela Espainiako presidente denean, lanerako prestasuna eskatuz haiei, zuzendaritzak bestelako agindu bat eman izan balu bezala.
Correos uztailaren 3an hasi zen boto paperak entregatzen eskaera egindako herritarrei, eta lan hori egin du hilaren 16ra bitarte. Herritarrek, berriz, bihar arteko tartea izango dute botoa Correosen egoitza batean aurkezteko, 22:00ak arte. Correosek 1.584 langile kontratatu ditu Hego Euskal Herrian, hauteskunde prozesuan laguntzeko. Era berean, bulegoetako ordutegiak luzatu ditu, eta asteburuetan ere ireki ditu lau lurraldeetako hainbat bulego.