Futbola

Osasunak Konferentzia Liga jokatuko du, UEFAk oniritzia eman ostean

Halere, zigortzeko prozedura zabaldu dio talde gorritxoari, afera auzitegi arruntetara eramateagatik.

Edu Lartzanguren.
2023ko uztailaren 25a
12:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Azkenean bai. Osasuna futbol taldeko zuzendaritzak zabaldu berri duen agiri baten arabera, Europako Futbol Federazioaren (UEFA) Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) ontzat eman du talde gorritxoak Konferentzia Ligan parte hartzea.

Uztailaren hasieran, Apelazio Batzordeak atzera bota zuen Osasunak Konferentzia liga ez jokatzeko zigorraren aurka aurkeztutako helegitea. Batzordeak erabaki zuen Nafarroako taldeak ezin zuela Konferentzia liga jokatu, klubaren agintari izandako batzuk 2013-2014ko denboraldiko Espainiako Lehen Mailako bi partidaren emaitzak adostu zituztelako.

Orduan, taldeari geratzen zitzaion azken aukera Kirola Arbitratzeko Epaitegia zen. Osasunako zuzendaritzak zabaldu duenez, proba gehiago aurkeztu dizkio auzitegiari, eta horrek ikusita, epaileek erabaki dute Osasuna «biktima» izan zela aferan, eta ontzat eman du taldeak kasua argitzeko eginiko lana. «Ondorioz, UEFAk gaitzat jo du Osasuna Europako lehiaketako oraingo aldian parte hartzeko».

Osasunak adierazi duenez, taldeak parte hartuko du Konferentzia Ligako kanporaketak zozketatzeko saioan, abuztuaren 7an. Kanporaketak abuztuaren 24an eta 31ean egingo dituzte. «TASen berresteak amaitu egin du erakundeak azken bi hilabeteotan kirol justizian zein auzitegi arruntetan egin duen borroka, bere eskubideak eta haien bazkideen eskubideen defentsan».

Edonola ere, taldeak azaldu du UEFAk zigortzeko prozedura zabaldu diola epaitegi arruntetara jotzeagatik bere burua denfendatzeko. Prozedura horrek ez dio eragingo, edonola ere, Konferentzia Ligan parte hartzeko baimenari. Taldeak adierazi du onartu egingo duela zigorra, eta ez diola helegiterik jarriko, eta UEFAri agindu diola ez dituela kirol auziak berriz eramango justizia arruntera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.