Europako Batasuneko estatu kideek Txipen Europako Legea onartu dute gaur, duela gutxi Europako Parlamentuak egin ostean. Legearen neurri berriekin bikoiztu egin nahi dute Europako txipen ekoizpena, munduan egiten diren txipen %20 fabrikatzeraino. Helburu nagusia da Asiako herrialdeekiko menpekotasuna murriztea; izan ere, Hego Koreak eta Taiwanek fabrikatzen dituzte munduko txip gehienak —punta-puntako txipen %100—, eta azken urteetan hainbat arazo egon dira industria estrategiko horretan.
Legeak 3.300 milioi euroren zuzeneko laguntzak jasotzen ditu, baina, inbertsio publiko eta pribatu bidez, beste 43.000 milioi euro mugitzea espero du EBk.
Ekiteko hainbat lerro ditu lege berriak, industria oso konplexua baita. Lehenik eta behin, ekoizpena handitzeko fabrika nagusiak identifikatu eta finantzatuko dituzte. Epe motzeko neurria da hori, txip sinpleenen ekoizpena handitzeko; izan ere, gaur egungo autoek, esaterako, 3.000 eta 5.000 arteko txip kopurua dute, funtzio berri mordoa baitituzte auto modernoek zaharrekin alderatuta.
Ikusi gehiago: Irantzu Alustiza, Fagor: «Mikrotxip batek bi hilabete eman ditzake produkzio lerroan»
Bestalde, txipak fabrikatzeko makineria egiten duten enpresak ere lagunduko dituzte, eta diru laguntza bereziak jasoko dituzte bikaintasuna ematen dieten enpresei. Sektore horretan Europa munduko liderra da Herbehereetako ASML enpresagatik; izan ere, mikrotxip txiki eta aurreratuenak egiteko makinak —fotolitografiarako makinak— fabrikatzen dituen munduko enpresa bakarra da.
Ikusi gehiago: Erdieroaleen gerra hotzean
Azkenik, punta-puntako mikrotxipen ikerketa eta diseinua ere bultzatu nahi dute. Kasu horretan, nahiko atzean dago Europa, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Hego Koreako eta Taiwango enpresek baitituzte txip onenen diseinuak —AEBetako Intelek ditu txikienak eta onenak—.
AEBen bidea
AEBek antzeko legea egin zuten jada, antzeko eta ez hain antzeko diren helburuekin. Izan ere, ardura bera dute AEBek eta Europak, baina egoerak ez dira berdinak. AEBetako enpresek dituzte mikrotxip aurreratuenen diseinuak eta patenteak, baina fabrikazioa ia guztiz kanporatua dute, Taiwanen, Hego Korean eta Txinan. Hala, barne produkzioa indartu nahi dute AEBek, baina ez soilik herrialde horiekiko menpekotasuna murrizteko, baita Txinari aurre egiteko ere.
Hori dela eta, joan den urtean onartu zuten lege berriarekin —Chips and Science Act—, hornidura bermatzeaz gain, Txinari punta-puntako mikrotxipak fabrikatzeko ahalmena oztopatu nahi dio Joe Bidenek. Txinari murrizketak jarri dizkio AEBetako gobernuak, eta, hala, mikrotxip aurreratuenak lortzeko eta sortzeko aukerak murriztu dizkio Asiako herrialdeari.
Lehenik eta behin, AEBetako teknologiarekin fabrikatutako mikrotxip aurreratuenak —adimen artifizialerako, superkonputaziorako eta superordenagailuetarako erabiltzen direnak— Txinara esportatzeko lizentzia berezia beharko da. Bestalde, AEBetako herritarrek eta enpresek ezingo dute lan egin txipak egiten dituzten Txinako enpresekin, baimen berezirik ez badute. Azkenik, txipak fabrikatzeko tresnak eta teknologia Txinara esportatzea debekatu du Bidenek.