Emakume bat, ustez, 3, 5 eta 9 urteko seme-alabak hiltzen saiatu zen hilaren 20an Fiteron (Nafarroa), Guardia Zibilak jakinarazi zuenez. Adingabeak ospitaleratu egin zituzten, horietako bat, txikiena, oso larri. Jazoeraren berri izan orduko ikerketako iturriak aipatuz hainbat hedabidek zabaldu dutenez, amak arma zuri batekin eraso egin zien hiru umeei, eta pozoi bat hartzera behartu zituen. Ondoren, emakumea bere burua hiltzen saiatu zen. Guardia Zibilak ere esan zuen parrizidio saiakera bat izan zela. Erietxean egon da ordutik andrea, Poliziaren zaintzapean. Hantxe jarraitzen du, baina gaur epaileak espetxean sartzeko agindua eman du. Bolada bat egin beharko du oraindik ospitalean, baina handik ateratzean espetxera eraman beharko dute. Andreak ihes egin ez dezan hartu du erabakia epaileak. aditzera eman duenez.
Ebazpen judizialean hiru hilketa ahalegin egotzi dizkiote andreari. Zabaldu diren datuen arabera, umeei eraso egin aurretik, andreak senarrari hots egin zion telefonoz. Pozoi bat hartuko zuela esan zion. Jendea zelatan ari zitzaiola esan zion, eta gaizki esaka ari zirela berari buruz. Gizona lanera joana zen, ez zituen aintzat hartu andreak esandakoak. Handik tarte batera, ordea, pozoitu egin zituen haurrak, eta zauritu egin zituen labana batekin. Umeak erietxean daude oraindik; ahoan erredurak dituzte, hartu zuten pozoiaren ondorioz, eta zaurituta daude. Seme-alabei eraso egin eta gero, andreak berak ere pozoia hartu zuen, eta labanarekin sabelaldea zauritu zuen.
Aditzera eman dutenez, andrea ez dago oraindik epailearen aurrean deklaratzeko eran. Atxiloaldia hainbatetan luzatu du, eta, azkenean, espetxeratzeko agindua ematea ebatzi du. Fiskaltzak egindako eskari bati erantzun dio; adierazi du andreak ihes egiteko arriskua dagoela, berriz eman diezaiekeela min umeei, eta horregatik dela beharrezkoa neurria. Defentsa ez dago alde.