Plaza bat mendizale eta bidaiarientzat

Martxan da aurten ere BERRIAren bidaia eta mendi kroniken lehiaketa, irakurleei leiho bat zabaltzeko helburuarekin. Azaroaren 6ra arte izango da lanak aurkezteko aukera. Sariak: Marokon zortzi eguneko mendi ibilaldia, asteburupasa bat furgoneta edo autokarabana batean, eta 200 euroko bonu bat, partaideen artean zozkatzeko.

Txurruko punta gailurretik laino itsasoa eta urrunean Beriain tontorra eta Pirinioak. ANDONI CANELLADA / FOKU
ramon olasagasti
2023ko uztailaren 31
19:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

BERRIAk bidaia eta mendi kroniken lehiaketa jarri du martxan aurten ere. Euskaldunon Egunkaria-ren garaian abiatutako lehiaketa hau sendotuz eta errotuz joan da urtez urte, jasotako lanen kopurua eta kalitatea gora eginez joan diren hein berean, eta ohiko egitasmoa bihurtu da gure irakurleentzat. Izan ere, BERRIA komunitateko kideei, gure irakurle guztiei oro har, plaza bat, leiho bat, nork bere bizipenen berri emateko leku bat eskaintzea da lehiaketa honen helburua. BERRIAren irakurleen artean asko dira mendizaleak, asko bidaiariak, eta ez gutxi idaztea gogoko dutenak eta beren bizipenak jasotzeko ohitura dutenak. Beraz, zer egokiera hoberik irakurle horiekin guztiekin topo egiteko plaza hau baino.

Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa da. Alegia, kronikak izan daitezke bidaia bati buruzkoak zein mendiko jarduera bati buruzkoak. Azken urteotan, hala ere, ugariago izaten ari dira bidaia kronikak mendikoak baino. Ongi etorriak dira guztiak, nola ez, mendikoak nahiz bidaietakoak, baina desoreka horren joera apurtze aldera animatu daitezela mendizaleak, eskalatzaileak, alpinistak beren igoeren, zeharkaldien, eskaladen berri ematera. Ez du zertan goi mailako jarduera izan, ez du zertan behialako telebistako saio hartan bezala ezinaren hurrengoa izan; muturraren muturrekoa. Izan liteke igoera apal bat oso modu originalean kontatua; izan liteke bizipen berezi bat ikuspegi ezohiko batetik idatzia; izan liteke denon eskura dagoen jarduera bat gutxitan bezala jasoa... Mendia bezain askotarikoak izan daitezke kronikak.

Eta bidaien kasuan, berdin: bidaiak ez du, halabeharrez, munduaren azken muturreko bazter ezkutu hartara egina izan behar; ez du beste inork egin ez duen abentura izugarria izan behar... Izan liteke, baina ez du zertan. Geografia hurbilean ere izan daitezke bidaia interesgarriak, eta halaxe geratu da agerian urtez urte jaso eta saritu izan diren lanetan. Alegia, lekuak adinako garrantzia du leku horretako bizipenak berak, egileak har dezakeen ikuspegiak edo hari gidariak, bizipen horien oinarrian egon daitekeen istorioak, giza paisaiak, tokiak eta tokiko jendeak...

Oinarrietan argi adierazten den moduan, aintzat hartuko dira, besteak beste, esperientzia eta kontakizunaren originaltasuna, hizkuntzaren egokitasuna eta aberastasuna, material grafikoaren kalitatea, mapen edo bestelako osagarrien ekarpena, amateurtasuna, azken 5 urteetan sari nagusia irabazi ez izana...

Lanak bidaltzeko epea zabalik dago jada, eta azaroaren 6ra arte izango da horretarako aukera. Idazlan hautatuak Gabonetan argitaratuko dira. Sariak ez dira nolanahikoak. Sari nagusia Mendiak eta Herriak agentziak eskainiko du: Marokorako 8 eguneko mendi ibilaldia. Bigarren saria camper edo autokarabana batean asteburupasa bat egitea izango da, Ikan Vansen eskutik. Eta parte hartzaile guztien artean, berriz, Hamaika Mountain dendan gastatzeko 200 euroko bonu bat zozkatuko da.

Lehiaketaren oinarri guztiak (idazlanen luzera, ezaugarriak, argazkien inguruko xehetasunak, etab.) esteka honetan dituzue.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.