Oriok une txarretik irtetea lortu du, eta Moañako bandera astintzea lortu du; sasoiko laugarrena. Saria hobea ere izan zitekeen, Donostiarra bigarren egon baita denbora luzez. Baina bigarren luzean hortzak estutu ditu Arraun Lagunak-ek, eta puntu bat salbatu dute donostiarrek. Hiru estropada falta diren honetan, bost punturena da Arraun Lagunak-ek sailkapenean daukan aldea, baina Oriotarrek argi utzi dute ez dutela azken hitza esan. Bihar ere Galizian arituko dira, Boiroko uretan.
Aurreneko txandan Hondarribiak hartu du aurrea estropada hasieran. Hibaikak eta Cabok eutsi diote, baina Tiran, sasoi osoan bezala, atzean gelditu da estropada abiatu eta berehala. Ziabogara horrelaxe iritsi ziren. Hondarribia lehendabizi, eta haien atzetik, bi segundora, Hibaika. Cabo segundo gutxi galduta iritsi da ziabogara, baina trabatuta gelditu dira galiziarrak, eta hamar segundo baino gehiago galdu dituzte bertatik irten ezinda. Hori Tiranek aprobetxatu du, herrikideak aurreratu eta segundo batzuen errenta eskuratzeko.
Bigarren luzean gipuzkoarren arteko lehia ikusi da txanda irabazteko, eta galiziarrena azkenak ez izateko. Ama Guadalupekoak estropada galanta egin du, eta pixkanaka-pixkanaka atzean utzi du Hibaika. Errenteriarrak zortzi segundora iritsi ziren, azkenean, helmugara. Askoz ere estuagoa izan da Tiranen eta Caboren arteko lehia. Etxeko ontziak aurretik egin du luze osoa, eta, azken metroetan Caboko gorriek estutu badute ere, lehenago iritsi dira Tiranekoak, eta azken postua salbatu dute. Hori argitzeko, baina, helmuga marrako argazkia behar izan da. Lau ehunenen aldea besterik ez da izan.
Ohorezko txandan, berriz, Tolosaldea izan zen estropada hasi eta berehala atzean gelditu dena. Beste hiru ontziak elkarren ondoan aritu dira, baina Oriok bi segundoren aldea hartu du lehen kaletik. Denbora tarte oso txikian, baina Oriok nahi zuen bezalako egoera zeukan lan erdietara iristerako. Mirotzak lehen postuan zeuden, eta Donostiarra Arraun Lagunak-en eta haien artean zegoen. Ziabogatik ere horrelaxe irten ziren. Orio lehenengo, segundo bakarrera Donostiarra, eta bira Juan Mari Etxaberen Arraun Lagunak.
Itzulerako luzea joanekoa baino gogorragoa zen, haizea kontran baitzeukaten arraunlariek. Baina egoera horretan ere Orio izan da azkarrena, eta, denborak aurrera egin ahala, aldea handitzea lortu du Oriok. Bandera geroz eta gertuago, bai, baina donostiarren arteko lehia gero eta estuago zegoen. Elkarren ondoan ari ziren, bigarren kalean, Arraun Lagunak-enean. Hori ikusita, Andrea Astudillok Nerea Perez bere kalera joatera behartu du maniobra txiki bat eginez, eta, mugimendu hori egin behar izan duenez, segundo gutxi batzuk galdu ditu Donostiarrak. Azkenean, bi segundoren aldea izan da helmugan Orioren eta Arraun Lagunak-en artean. Arraun Lagunak seira iritsi da azkenerako. Tolosaldea, berriz, ia minutu erdira iritsi da.