REALA 1-1 GIRONA

Zapore garratzeko puntua

Kubok laugarren minuturako aurreratu du Reala, baina Gironak berdindu egin du bigarren zatian

Jon Ander Olasagasti eta Sadiq Umar, etsita, Realak aukera bat huts egin ostean. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon eskudero
2023ko abuztuaren 12a
20:17
Entzun 00:00:0000:00:00

Egutegiak hala erabakita, pare-pareko egoera zuen Realak atzo denboraldiari behar bezala ekiteko. Lehiaketaren hasierak Donostiko Aste Nagusiaren hasierarekin egiten baitzion bat, non eta Anoetan, zaleen aurrean. Festa giroaz lagundurik, sasoia garaipen batekin hasteko aukera ederra zuten txuri-urdinek, eta helburua ongi bideraturik izan dute, baina Gironak bigarren zatian egindako gol batek zapuztu die festa gaur arratsaldean. Irabazteko merituak egin ditun Imanol Alguacilen taldeak, neurketa hasi eta berehala aurreratu baitu Reala Kubok, baina soilik gol bateko aldeaz jokatu du gerora, eta azkenean berdinketa lortu due kataluniarrek. Iragan sasoian atea hutsean mantendu zuen Remirok halako partida askotan, baina gaur suarekin erre da Reala.

Hasierako hamaikakoan hutsune garrantzitsu bat izan du Imanolek, azken orduan Merino deialditik kanpo geratu baita, lesio bat tarteko. Turrientesek hartu du haren lekua, eta norgehiagokari era paregabean ekin diote txuri-urdinek. Bizi jokatuz hasi dira, eta laugarren minuturako poltsikorako dute saria. Aihenek ezkerretik eginiko jokaldi on bati amaiera ederra eman dio Kubok, ederki gainditu baitu Gazzaniga, Gironako atezaina. Japoniarra izan da Realeko jokalari onena. Golak ez du partidaren gidoirik aldatu, eta bere horretan jarraitu du Imanolen taldeak. Batetik bestera egoki eta azkar mugitu du baloia, baina batez ere nabarmentzekoa izan da sakontasun bila ibili dela une oro. Etengabe aurkariaren defentsan zuloak eraginez aritu dira Realeko aurrelariak.

Penaltia bertan behera

Bigarren golaren bila jo dute etxekoek, eta penalti bat ere adierazi du epaileak Realaren alde. Bazirudien gertu egon zitekeela bigarren gola, baina jokaldia VARean ikusita, erabakia atzera bota du epaileak. Hortik aurrera indarrak berdindu egin dira zelaian, eta Gironak behetik gora egin du. Aparteko arriskurik ez du sortu, baina baloi dezente sartu ditun Realaren arean. Hori bai, defentsan goraipatzeko lana egin dute txuri-urdinek, presioan fin eta markaketa lanetan langile aritu baitira. Lehen zatiko azken jokaldian epaileak txartel gorria barkatu dio Stuaniri, Le Normandi kolpe bat emateagatik.

Bigarren zatiaren hasierak ildo beretik jo du, baina aldea gutxienekoa izanik, zuhaitza astindu nahi izan du Imanolek, eta Carlos Fernandezen tokian Barrenetxea zelairatu du. Harrobikoak bestelako freskotasun bat eman dio erasoko jokoari. Hala, lehia erabakitzeko parada ederra izan du Oiartzabalek 58. minutuan, baina baloia atepetik atera dio Gazzanigak. Barkatzen duenak garesti ordaintzen duela esan ohi da sarri, eta halaxe egokitu zaio Realari. Bigarren zatian areara gerturatu den lehenengo aldian banakoa sartu duten kataluniarrek. Erdiraketa bat ez du inork urrundu, eta azkenean Dovbikek sareetara bidali du baloia, buruz, 71. minutuan. Golari aurre egin nahirik, hiru jokalari berri zelairatu ditu Imanolek: Cho, Sadiq eta Sola.

Jokoari esker baino gehiago, grinari eta nahiari esker jo du erasora Realak azken txanpan, baina ez du adorerik izan ganoraz jokaldirik osatzeko. Fisikoki ere justu antzean ibili dira txuri-urdinak. Geldikako jokaldietan ez dute asmatu bigarren gola egiten, eta azkenean berdinketarekin konformatu behar izan dute. Zelaian zein harmailetan, zapore garratza utzi du puntuak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.