Hasi dira lehen mahatsak jasotzen Nafarroako sor-markako mahastietan. Nafarroako jatorri izeneko kontseilu erregulatzailearen arabera, inoiz egin den bilketarik goiztiarrena izan da aurtengoa, eta lehengo urteko datuak gainditu ditu. Nahiz eta euria egin duen, apirilean izandako tenperatura altuek eta azken hiru urteetako lehorteek eragin dute jada mahats bilketarekin hastea Nafarroako hegoaldean.
Mahats zuriak izan dira jasotzen lehenak; chardonnay barietatea da sor-markan gehien ekoizten den aldaera. Bi hilabete iraungo die mahats bilketak Nafarroako 85 upeltegiei eta bestelako 2.000 mahats ekoizleei.
Hala ere, zaila da data bat jartzea bilketaren hasierari eta amaierari. Nafarroako sor-markako ekoizpenean 10.000 hektarea mahasti inguru daude, eta bost zonatan banatzen dira: Erribera Beherea, Erribera Garaia, Mendialde Beherea, Izarbeibar eta Estellerria. Klima ezberdintasunak direla eta, bilketak mailakatuak izaten dira datei dagokienez.
Corellako Viña Aliaga upeltegiak BERRIAri esan dioenez, haiek eta inguruko ekoizleek hurrengo asterako dute aurreikusia mahats zurien bilketa hastea. Mahats beltzei dagokienez, aipatu du oraindik itxaron behar dela: «mahats beltzak jartzen direnetik berrogei bat egunera biltzen dira, eta oraindik kolorea hartzen daude» aipatu du Carlos Aliagak, Viña Aliagako buruak.
Uzta ona espero dute
Evena Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Erakundeak ere lehen aurreikuspenak egin ditu, eta datu positiboak espero ditu. Kontseiluak, 66 milioi kilo mahats inguru jasoko direla adierazi du—iaz baino %10 gehiago—, eta esan du jatorri izeneko ekoizpenaren batezbestekoaren inguruan egongo dela aurtengoa.
Orokorrean, mahatsak «itxura oso ona» dutela diote adituek. David Palacios jatorri izeneko kontseiluko presidentearen arabera: «Kalitatezko mahatsak izatea behar-beharrezkoa da Nafarroako jatorri izena indartzeko. Aurten urtaldi ona espero da ardo zuriari, gorriari eta beltzari dagokienez».