AUSTRALIA 1-3 INGALATERRA

Ingalaterra Munduko Kopako finalerako sailkatu da

Ingalaterrak Australiari irabazi dio, eta Espainiaren aurka jokatuko du Munduko Kopako finala, igandean, Sydneyn. Aurreko bi aldietan, ingelesek galdu egin zuten finalerdietan.

Ingalaterrako jokalariak, finalerako sailkapena ospatzen. DAN HIMBRECHTS / EFE
Manex Usarralde Garmendia
2023ko abuztuaren 16a
17:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ingalaterra Australiako eta Zeelanda Berriko Munduko Kopako finalean sartu da gaur, azkeneko aldiz hori egin eta 35 urte geroago. Australiari irabazi dio finalerdietan, 1-3, Sydneyn (Australia).

Ingalaterrak erraz irabazi duela ematen duen arren, australiarrek estu jarri dizkiote gauzak. Bi selekzioek izan dituzte abagune garbiak gola sartzeko, baina ingelesak zuzenago ibili dira. Australiak ez dio etekin handirik atera etxean eta bere zaleen aurrean jokatzeari.

Ingalaterraren aurreneko gola Ella Toonek sartu du, 36. minutuan. Bigarren zatia hasi denean, australiarrak berdinketaren golaren bila irten dira, baita lortu ere: Sam Kerrek sartu du berdinketaren gola, 63. minutuan. Hala ere, hamar minutu pasatu direnerako, Ingalaterrak berriz aurrea hartu die etxekoei. Lauren Hempek sartu du bigarren gola. Alessia Russok sartu du hirugarrena, gol erabakigarria, 86. minutuan.

Ingalaterrako eta Espainiako selekzioek jokatuko dute finala. Igandean lehiatuko dira bi selekzio horiek, Sydneyn (12:00). Bi taldeek txapelketa bikaina egin dute: Ingalaterrak partida guztiak irabazi ditu; Espainiak, berriz, Japoniaren aurkakoa bakarrik galdu du. Espainiak lehen aukera izango du Munduko Kopa irabazteko; €ˆaurretik inoiz ez zuen gainditu kanporaketa bat. Ingalaterra, ordea, hirugarren aldiz izan daiteke txapeldun: 1985ean irabazi zuen lehen aldiz, Italian, eta herrialde hartan bertan irabazi zuen bigarren titulua, hiru urte geroago. Hala ere, FIFAk ez ditu ofizialtzat jotzen, ez zituelako berak antolatu; 1991n antolatu zuen berak lehena.

Ingalaterra da faboritoa. Sasoi ederra egiten ari da, iaz Europako txapeldun izan baitzen. Txapelketa hori irabaztea ez zela kasualitatea izan erakutsi nahi dio Espainiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.