OSASUNA 0-2 ATHLETIC

Athletic nagusitu da derbian

Talde zuri-gorriak lehen hogei minutuetan sartu ditu partidako bi golak, eta, gero, aldeari eutsi dio. Unai Simonek Osasunaren ahalegin guztiak zapuztu ditu. Epaileak Sancet eta Chimy Avila kanporatu ditu.

Iñaki Williams, lehen gola ospatzen. Catena ageri da burumakur. JESUS DIGES / EFE
Julen Etxeberria.
2023ko abuztuaren 19a
23:33
Entzun

Joerak irauli egin dira gaur Sadarren. Athletic zalantzaz beteta iritsi da derbira, baina irabazi egin du, eta uxatu egin ditu; gutxienez, astebetez. Bazuen beharra, aspaldikoa baitzuen kezka. Osasuna, ordea, konfiantzaz lepo ailegatu da, baina galdu egin du, eta horrek kezkaren bat sortuko dio. Berehala uxatu beharko ditu, ostegunean denboraldiko lehen partida garrantzitsua baitu: Konferentzia ligako atariko kanporaketaren joaneko partida jokatuko du Sadarren, Bruggeren aurka.

Zuri-gorriek hogei minutu eskas behar izan dituzte garaipena bideratuta uzteko. Iñaki Williamsek lehen gola sartu du hamargarren minutuan, eta Guruzetak bigarrena egin du hamar minutu geroago. Haiek sartu dituzte golak, baina bietan meriturik handiena Nico Williamsena izan da. Hark erotu ditu Osasunako jokalariak bi jokaldietan, eta goleko pase ederra eman.

Bi golek min handia egin diote etxeko taldeari, eta iparra galduta ibili da zenbait minututan. Zentzua berreskuratu duenean hasi da pixkanaka aurrera egiten. 33. minutuan, Ruben Garcia gola sartzekotan egon da. Vivianek huts egin du Osasunako jokalariaren jokoz kanpoa behartzeko orduan, eta bakarrik utzi du Unai Simonen aurrean. Baina atezainak geldiketa bikaina egin dio. Ez da izan gorritxoen aukera argi bakarra lehen zatian. Mojicak ere gertu izan du gola azken unean. Iñaki Williamsek bakarrik utzi du, baina atzelari kolonbiarrak huts egin du ate aurrean.

Dena ondo atera zaio talde zuri-gorriari lehen zatian. Albiste txar bakarra De Marcosen lesioa izan da. Lekuek ordezkatu du. Osasunarentzat, aldiz, ez du ezer onik izan lehen zatiak. Zerbait ona bilatzekotan, bisitariek bi gol sartu eta gero, gai izan dela azken txanpan haiek estu hartzeko.

Etenak ez du ezer eten, eta Osasunak gogotsu jarraitu du golaren bila. David Garciak berehala izan du lehen aukera garbia, baina Unai Simonek haren burukada desbideratu du. Hain zuzen, Osasunako erdiko atzelariak ika-mika izan du Sancetekin handik gutxira, eta epaileak biei atera die txartel horia. Athleticeko erdilariak bazuen bat, eta, beraz, aldageletarako bidea hartu behar izan du. Zuri-gorriek jokalari bat gutxiagorekin jokatu beharko zuten azken ordu erdia. Ikusteko zegoen nola eragingo zien.

Jagoba Arrasatek berehala egin ditu aldaketak: Chimy Avila eta Arnaiz zelairatu ditu Lucas Torroren eta Ruben Garciaren ordez. Argi zegoen: erasora jokatu nahi zuen. Kontrakoa nahi zuen Ernesto Valverdek, eta, horretarako, Herrera eta Berenguer zelairatu ditu Guruzetaren eta Nico Williamsen ordez. Baloia nahi zuen.

Baina ez du lortu helburua Athleticeko entrenatzaileak, eta Osasunak arriskua sortzen jarraitu du. Arrasatek muturreraino eraman du erasoaren aldeko apustua, eta Raul Garcia del Haro zelairatu du Aimarren ordez. Aurrelariak lehen neurketa jokatu du gorritxoekin. Beste fitxaketa batek, Arnaizek, gertu izan du gola 75. minutuan, baina berriro azaldu da Unai Simon. Hurrengo jokaldian, ordea, sufrimendu guztia gainetik kentzekotan egon dira zuri-gorriak, baina Berenguerrek huts egin du Aitor Fernandezen aurrean.

Valverdek azkeneko bi aldaketak egin ditu 83. minutuan: Prados eta Raul Garcia atera ditu Imanolen eta Iñaki Williamsen ordez. Aurrenekoak debuta egin du lehen taldearekin. Aldi berean, Arrasatek Ibañez zelairatu du Moi Gomezengatik. Jokalari berriak bai, baina betikoak jarraitu du nabarmentzen: Unai Simonek. Haren geldiketek alferrikakoa egin dute etxekoen ahalegina. Horrek Osasunako jokalariak etsiarazi ditu. Hala, etsipenak jota, Chimy Avilak oso sarrera gogorra egin dio Berenguerri, eta epaileak txartel gorria atera dio. Jokaldiak tirabira bat baino eragin ditu jokalarien artean. Lasaitu egin dira, baina hortxe amaitu da partida.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.