Gaur epaituko dute Pausun autobus gidari bati eraso egin zion gizona

Erasoa ostiral gauean izan zen. Transdev mugikortasun enpresaren buruak zehaztu du «zaila» dela segurtasuna bermatzea Baiona-Hendaia linean.

Txik Txak autobus lineako geltoki bat. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugarai Etxeberri
2023ko abuztuaren 21a
11:14
Entzun

Gaur epaituko dute autobus gidari bati eraso egin zion gizona, nahita baliaturiko bortizkeriagatik. Hendaiatik Baionara doan autobus linean, gidari bati eraso zioten joan den ostiralean, 22:00ean, Pausuko (Lapurdi) autobus geltokian. 39 urteko gizonezkoa autobusera igaten ari zela, gidariak erran zion debekatua zela autobus barnean jatea. Sud Ouest egunkarian zehaztu dutenez, erasotzailea mozkor zen; azpimarratu dute 39 urteko autobus gidariari irainka hasi zitzaiola eta ausiki egin ziola. Gidaria, bisaian eta belaunean zauriturik, ospitalera eraman behar izan zuten, shock egoeran.

Poliziak berehala atxilotu zuen erasotzailea. Biharamunean, autobus gidariak salaketa pausatu zuen Donibane Lohizuneko polizia etxean. Marc Sy, Transdev mugikortasun enpresaren buruak adierazi du «zaila» dela Baiona-Hendaia linean segurtasuna bermatzea, kasik 40 kilometroko linea izaki. Jean François Irigoien Euskal Herri-Aturriko mugikortasun sindikatuaren lehendakariak adierazi du, aldiz, Baiona-Hendaia linean jende anitz ibiltzen dela: «%35ez igaten da bidaiari kopurua». Ondorioz, jende kopuruaren igotzeak «arazo gehiago» ekartzen dituela azaldu du. Syk zehaztu du lanean ari direla gidari taldearekin zein Euskal Herri-Aturriko mugikortasun sindikatuarekin «segurtasun baliabideen lantzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.