Sute txikia zirudienak kezka eragin du Nafarroako erdialdeko herrietan, eta gobernuak eskura dituen baliabide ia guztiak erabili behar izan ditu hura itzaltzen saiatzeko. Nafarroako larrialdi zerbitzuek 14:45ean jaso dute abisua, Obanos herrirako bidexkan ke adar bat ikusi baitute hainbat herritarrek. Sutea kontrolatzeko arazoak izan dituzte suhiltzaileek, eta, 16:45ean, Larrialdietarako Herritar Babeserako Plan Bereziaren bigarren fasea aktibatu du Nafarroako Gobernuak. Horri jarraikiz, sutea piztu den tokiraino joan dira Tafallako, Cordovillako, Azkoiengo eta Lizarrako parkeetako suhiltzaileak, basozainak eta foruzainak. Horiez gain, bi helikoptero eta beste bi hegazkin ere mobilizatu dituzte. Mendigorria eta Artaxoa arteko errepidea ere itxita dago.
Sugarrak Mendigorrira hurbiltzen ari direla ikusita, aparteko baliabideak eskatu dizkio Nafarroako Gobernuak Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioari, sutea itzali ahal izateko.
Oraingoz, meteorologia iragarpenak ez dira onak: Aemet agentziak iragarri du hego haize zakarra ibiliko dela inguru horretan arratsalde osoan. Hala ere, tenperatura freskatu eginen da iluntzean.