Nafarroako suhiltzaileek gaur goizean jakinarazi dutenez, menderatu dute Artaxoan (Nafarroa) piztutako baso sutea. Nafarroako lau suhiltzaile parketako hainbat kamioi, bi helikoptero eta beste horrenbeste hegazkin ibili ziren atzotik sutea itzaltzen. Suak Artaxoako, Mendigorriko eta, neurri txikiagoan, Añorbeko, Obanosko eta Garesko baso eremuei (Nafarroa) eragin die.
Nafarroako larrialdi zerbitzuek atzoko 14:45ean jaso zuten sute abisua, hainbat herritarrek Obanos herrirako bidexkan ke adar bat ikusi ondoren. Sugarrak Mendigorrira hurbiltzen ari zirela ikusita, Nafarroako Gobernuak aparteko baliabideak eskatu zizkion Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioari, sutea itzali ahal izateko. Gares eta Mendigorria arteko errepidea eta Allozko urtegia itxi zituzten, hegazkinek ura segurtasunez hartu ahal izateko.
Amparo Lopez Nafarroako Justizia eta Funtzio Publikoko kontseilariak iragarri bazuen ere 19:00etarako sute txikia zirudiena kontrolpean hartuko zela, suhiltzaileek hura kontrolatzeko arazoak izan zituzten, eta Lopezek aitortu zuen «une kritikoak» egon zirela. Tenperatura beroek ez zuten lagundu, baina iparraldeko haizeak, bai. Sutea «ikusgarria» izan zela azaldu zuen kontseilariak.