Dentistaren hitzordura joatea bezalakoxea da Getaferen zelaira bisita egitea, aurrez jakin baitezake batek zer topatuko duen gutxi gorabehera. Ezer atseginik nekez dentistarenean, eta Madrilgo taldearen berdegunean ere antzerako zerbait. Besteak beste, futbolean nahi bezala jokatzeko eta puntuak batzeko ez baita aproposena Getaferen etxea. Ohi bezala, gaur ere partida lehorra, itxia eta lehia handikoa planteatu du Getafek, eta Alavesek ez du gaitasunik izan tranpa horretatik ihes egiteko. Bi taldeek joko zuzena izan dute ardatz, eta defentsako lanari askoz erreparo gehiago jarri diote erasokoari baino. Lehen zatia bereziki itxia izan da, eta bigarrenean hobeto jokatu du Alavesek, baina ez du saririk jaso. Kontrakoa: penalti batek erabaki du neurketa, etxekoen alde. Zalantza handia eragin du penalti batek, hain zuzen. Halako partidatan gertatu ohi den moduan, akatsak garesti irten ohi dira, eta gasteiztarrei puntuak ihes egin diete azken txanpan.
Etorriko zenaren esperoan edo, lehenbiziko minututik agertu da Alaves lehiarako prest eta indartsu. Apur bat muzin egin dio baloia oinetan eduki eta jokatzeari, eta Getafek bezala, baloi luzeak jartzera bideratu du bere jokoa. Buruz buruko izugarria eduki dute jokalariek, eta jokoa kontrolatzeko, bereziki garrantzitsua zen bigarren jokaldietan adi egotea. Bada, Alaves dotore aritu da lan horretan, aldaratze gehienak jokalari gasteiztarren oinetan geratu dira. Defentsan bikain aritu da Luis Garcia Plazaren taldea, Latasa Getafeko aurrelariak ez baitu aukerarik izan arnasa hartzeko ere. Erasoan, berriz, Kike Garciarengana bideratu ditu baloi gehienak Alavesek, eta aurrelariak lan zikina bezain ona osatu du. Baina areatik urrun.
Laburbilduz, inspirazioari uko egin eta aurkariaren akatsaren zain aritu dira nor baino nor gehiago bi taldeak, eta Alavesek egin du akats larria, 26. minutuan. Gebarak, baloia atezainari eman nahian, Mayoral Getafeko aurrelariari eman dio, eta hark ez du aukera baliatu. Sivera atezainaren aurrean bakarrik gelditu, hari iskin egin eta jaurtiketa zutoinera bidali du. Abisua izan da gasteiztarrentzat. Erasoan zerbait gehiago egitea falta izan zaie arabarrei. Estrategia bidezko hainbat jokalditan saiatu dira, falta eta kornerretan, hain zuzen, baina antzu ibili dira Atsedenaldiaren atarian Riojak aukera polit bat eduki du, baina ez du asmatu.
Irekixeagoa izan da bigarren zatiaren hasiera. Noski, Getafek berak ere garaipena behar zuen jaitsiera postuetan lo egin ez zezan, eta etxekoen behar horrek apur bat alaiagoa bihurtu du jokoa. 47. minutuan, esaterako, oso gertu izan du gola Maksikovicek, baina haren burukadari ederki erantzun dio Siverak. Hurrengo minutuan beste arean erantzun du Kike Garciak. Ordura arteko xake partida aldatua zegoela begien bistakoa zen, eta horrek Alavesi egin dio mesede. Pixkanaka konfiantza hartuz joan dira jokalariak, eta minuturik onenetan murgilduta dira arabarrak. Bi hegaletatik ongi iristen ziren Getaferen areara, eta gola egiteko bi aukera eder izan dituzte. Abqarrek lehenbizi eta Alkainek gero ez dute asmatu.
Penalti inozoa
Bazirudien berdinketa ontzat jo zezaketela bi taldeek azken txanpan, baina penalti inozo batek erabaki du guztia. Halako gidoietan aktore onenen pare sentitu ohi da Getafe, eta misterio handirik ez zuen erdiraketa bati ederki atera dio zukua Latasak. Buruz errematea egitera zihoala ukondoa jarri dio parean Abqarrek, eta epaileak ez du zalantzarik izan. Bada, Mayoralek arratseko gol bakarra egin du penalti puntutik, 84. minutuan. Erabakiak bere onetik atera du Alaveseko entrenatzailea. Hala amaitu da partida.