Osasungintza

Zizare bat bizirik topatu dute emakume baten burmuinean

Gisa horretako kasu bat topatzen den lehen aldia da. Zortzi zentimetro neurtzen zituen animaliak, eta gorrixka zen. Australiako suge baten gorotzetatik kutsatu zen pazientea.

Ezkerrean, emakumeari atera zioten zizarea. Eskuinean, burmuinaren erradiografia. ANU
Paulo Ostolaza.
2023ko abuztuaren 29a
15:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Australiako zientzialari talde batek zortzi zentimetroko zizare bat bizirik topatu du emakume baten burmuinean. Erregistratu den gisa horretako lehen kasua da. Pazienteari iaz egin zioten ebakuntza, Canberra hiriburuan, eta kaltetuta zuen burmuinaren ataletik atera zioten, aurrealdeko eskuin lobulutik. Orain, ongi indarberritzen ari da.

Ezustekoa izan zen. Ebakuntza egin zuen doktoreak egin du aitortza: «Ez, ez zen espero genuena. Guztiok zur eta lur geratu ginen». Pazienteak, 64 urteko emakumeak, sintoma nahasketa arraroa zuen. Tripako mina izaten zuen, gauez izerditan eztulka jarduten zen, eta depresioa eta oroimen arazoak ere bazituen. 2021. urteko urtarrilean ospitaleratu zuten, eta, probak egin ostean, ondorioztatu zuten ezohiko lesio bat zuela burmuinaren aurrealdeko eskuin lobuluan.

Dena den, 2022ko ekainean egin zioten biopsiara arte ez zuten jakin zein zen gaitzaren jatorria. Medikuek azaldu dutenez, litekeena da parasitoak bi hilabetez biziraun izana emakumearen burmuinean.

Zizarea, emakumearen burmuinetik atera ostean.ANU

Zizarea topatu zuen neurozirujauak kontatu du ebakuntzan bizi izan zuena. Kaltetuta zegoen burmuinaren zatia ukitu bezain pronto nabaritu zuen zizarea. «Matxardak hartu, eta atera egin nuen. Pentsatu nuen: baina zer kristo da hau? Mugitzen ari da!». Bertan zeuden mediku guztiak shock egoeran geratu ziren, parasitoak mugitzen jarraitzen zuen bitartean. Inork ez zuen espero burmuinean egongo zen arazoa zizare bat izango zenik. Kolore gorrikoa zen, eta zortzi zentimetro neurtzen zituen.

Sugeen gorotzetatik

Emakumeari topatu dioten zizarea (Ophidascaris robertsi) ohikoa da diamante pitoietan, Australiaren luze-zabalean aurki daitekeen suge batean. Usteen arabera, suge horietako batek gorotzetan kanporatutako zizare batekin kutsatu zen pazientea. Kozinatzeko erabili zituen laku batean bildutako sastraka batzuk, eta haiek sugeen gorotzekin kutsatuta egon zitezkeela diote adituek.

Osasungintzaren ikuspegitik, medikuek esan dute kasuak erakusten duela geroz eta ohikoagoa dela animalien infekzioak gizakiei kutsatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.