Interes tasa altuen ondorioz %12,8 murriztu da etxeen salmenta bigarren hiruhilekoan

Urteko lehen hiruhilekoan baino 994 etxe gutxiago saldu dira apirila eta ekaina bitartean Hego Euskal Herrian

Hipoteken eskaintza Laboral Kutxaren banketxe baten atarian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
inaut matauko rada
2023ko abuztuaren 29a
18:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako Banku Zentrala hilabetez hilabete egiten ari den interes tasen igoera nabarmen eragiten ari da higiezinen merkatuan. Hipoteka bat kontratatzea inoiz baino garestiagoa da, eta zeharo moteldu da etxebizitzen salerosketa. 6.741 etxe saldu dira Hego Euskal Herrian apiriletik ekainera, urtarriletik martxora baino 994 gutxiago (7.735): %12,8ko jaitsiera da hori. Espainiako Jabetzaren Erregistratzaileen datuak dira.

Iazko datuekin alderatuta, nabarmen ikusten da interes tasen igoerek zenbateko eragina izan duten. 2022ko lehen hiruhilekoan 8.224 etxebizitza saldu ziren, eta bigarrenean, berriz, 7.928.

Apiriletik ekainera bitartean saldutako etxeetatik 1.354 berriak ziren, eta 5.387, berriz, bigarren eskukoak. Nabarmentzekoa da Nafarroan etxebizitza berrien salmentek zenbateko pisua izan duten; izan ere, Hego Euskal Herrian salmenten %20 izan dira etxe berriak, eta Nafarroan, berriz, %40,5.

Metro koadro bakoitzaren prezioa ere asko garestitu da joan den urtetik hona. Gipuzkoa da oraindik ere metro karratua garestiena den lurraldea: 3.423 euro metro koadroko. Iazko epe berean, 3.208 eurokoa zen prezioa. Bizkaia da bigarren zerrendan. Iazko bigarren hiruhilekoan, metro koadro bakoitzak 2.746 euro balio zuen batez beste, eta aurten, berriz, 2.815.

Araban 1.964 eurotik 2.220 eurora garestitu da metro koadroaren prezioa urtebetean, eta Nafarroan, berriz, 1.773 eurotik 2.280 eurora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.