Inflazio handia etxeen salerosketa izozten ari da. Hipoteka bat kontratatzea izugarri garestitu da azken urtean, eta horrek moteldu egin du etxebizitzen merkatua. Urteko lehen seihilekoan, iazko epe berean baino 2.017 hipoteka berri gutxiago sinatu dira Hego Euskal Herrian: %14ko jaitsiera dakar horrek.
INE Espainiako Estatistika Insititutuaren arabera, hipoteka bakoitzeko 155.661 euro eskatu dira batez beste, iaz baino %16,5 gehiago: 22.000 euro gehiago. Etxebizitzen prezioa garestitu egin delako gertatu da hori, baina, bereziki, inflazio handiagatik, soldaten marjinak gero eta txikiagoak direlako hilabeteko gastu guztiei aurre egiteko.
Mailegatutakoarengatik ordaindu beharreko interesen igoerak eragin du hipoteka gutxiago sinatu izana; batez besteko tipoa %3,19koa da gaur egun, 2017ko apiriletik izandako handiena. Hipoteka berriei dagokienez, bezeroak gero eta gehiago eskatzen ari dira tasa finkoko hipotekak, garestiagoak —%3,45 gaur egun, eta gorako bidean horiek ere—, baina babestuagoak gorabeherei dagokienez.
Bankuak interes finkoko produktuak ezabatuz joan dira, hala ere. Garai batean, erabat nagusi ziren tasa aldakorreko maileguak, baina, orain, hamarretik lau dira era horretakoak. Horiek hala, finantza erakundeak tasa finkoko hipoteken interesak igotzen ari dira. Duela bi urte, posible zen %1eko intereseko maileguak lortzea, baina orain %3 eta %4 artekoak sinatzen dira.
Jaitsiera apala Euriborrean
Tasa aldakorreko hipotekei dagokienez, batez besteko tipoa %2,84koa da gaur egun. Horiek kontratatzerako orduan, Euriborra da gehien erabiltzen den indizea. Hori ere azken hamabost urteetako mailarik altuenean dago gaur egun. Abuztuan, eten egin da igoera, hogei hilabetez jarraian gora egin eta gero, baina horrek ez du esan nahi iaz baino gutxiago ordainduko dutenik orain hipoteka berritu beharko dutenek.
Abuztuko batezbestekoa %4,072 izan da, aurreko hilean baino 0,77 hamarren txikiagoa. Kontuan hartuta iaz %1,249koa zela, oso igoera handia da oraindik ere. Adibidez, 150.000 euroren hipoteka bat egiten dutenek, 25 urtean itzultzekoa izanik eta Euriborra gehi %1eko tasarekin sinatuta, hilean 200 euro gehiago ordaindu beharko dituzte. Hori hipoteka berria egiten dutenek; berritu behar dutenen kopuru zehatza, berriz, norberaren maileguaren zenbatekoaren eta itzultzeko epeen araberakoa izango da, interesa pagatu ez den zatiaren gainean ezartzen baita.
Azken urtean oso bortitza izan da Euriborraren igoera, eta Europako Banku Zentralak (EBZ) abian jarritako interes tasen politikaren ondorio izan da hori. Inflazioa geldiarazteko ahaleginean, diruaren prezio ofiziala igotzen aritu da iazko udatik. Bankuek gehiago ordaindu behar dutenez EBZren bidez finantzatzeagatik, tasa altuagoak aplikatzen dituzte haien artean ematen dituzten maileguetan. Eta Euriborrak, hain zuzen ere, finantza erakundeen arteko kostu hori neurtzen du.
EBZren zain
Orain, zera argitu beharra dago: EBZk noiz etengo dituen interes tasen igoerak. Neurria ari da bere helburuak lortzen: ekonomia hozten ari da, eta, horrekin batera, inflazioa jaisten. Asufin kontsumitzaileen elkarteak uste du abuztutik aurrera Euriborrean ere nabarituko dela, igoera moteltzen hasiko dela, eta %4 eta %4,5 inguruan eutsiko diola urte amaierara bitartean.
Hipotekaren igoera beti izaten da kolpe gogorra, baina are gehiago orain. Gainera, hilabeteko kuoten igoera KPIaren batezbestekoa (%2,6, uztailean) baino handiagoa izaten ari da aurten ere; ondorioz, hipotekek diru sarreren gero eta zati handiagoa jaten diete mailegatuei. Hego Euskal Herrian, batez besteko soldataren %30 adinakoa da.
Duela bederatzi hilabete, Espainiako Gobernuak babes neurri batzuk bultzatu zituen hipoteken garestitzeari aurre egiteko: besteak beste, kuota izoztea urtebetez, hipoteka ordaintzeko epea gehienez zazpi urtez zabaltzea, eta atzeratutako ordainketetan interes apalagoak ordaintzea. Neurri horiek kezka eta kritika batzuk eragin dituzte; funtsean, neurri horietaz baliatzeko baldintzak nahiko zorrotzak direla, eta hipoteka luzatzea eta, beraz, garestitzea dakartela. Hortaz, oso eragin mugatua izan dute.
Metro koadroa, garestiago
Etxeen garestitzeak, gainera, ez du etenik. Espainiako Jabetzaren Erregistratzaileek aste honetan emandako datuen arabera, metro koadro bakoitzaren prezioa asko garestitu da bigarren hiruhilekoan. Gipuzkoak du oraindik ere metro koadro garestiena: 3.423 eurokoa, iazko epe berean baino %6,7 gehiago. Bizkaia da bigarrena zerrendan: 2.746 euro balio du batez beste (+%2,5). Nafarroan igo da gehien: %28, eta batez beste 2.280 euro kostatzen da han. Orain, Araban dago merkeen: 1.964 euroko prezioa du, baina asko garestitu da iaztik, %13. Erositako hamar etxetik bi berriak izan dira.