Alex Lopez

«Euskal ordainketa sistema herritarra eta publikoa dugu xede»

Ekhilur ordainketa sistema Bilbon eta Hernanin dago martxan gaur egun. Hego Euskal Herri osoan erabilgarri egotea da etorkizuneko helburua.

jarraia232319.jpg
Igor Baigorri Perez
2023ko irailaren 1a
12:17
Entzun

Alex Lopez (Zarautz, Gipuzkoa, 1973) Ekhilur ordainketa sistemaren sortzaileetako bat da. Sistema hori Bilbon eta Hernanin (Gipuzkoa) dago martxan 2021. urteaz geroztik, eta helburua da erabiltzaileek beren diruaren kontrola izatea eta dirua beste era batera ulertzea. Bizum edo Visa ordainketa sistemen alternatiba gisa agertu da Ekhilur, eta saltoki handien garaiotan herritik eta herriarentzat sorturiko sistema bat eskaintzen du. Hedapena gutxinaka egin beharra dago, herriz herri.

Zein da Ekhilur kooperatibaren filosofia?

Batetik, puntu garrantzitsu bat bertako merkataritza sustatzea da. Eta, bestetik, ordainketa sistemen gaineko kontrola berreskuratzea. Gaur egun, sistema elektronikoak oso azkar sartzen ari dira gurean, eta badirudi gure diruaren burujabetasuna jada galdua dugula, baina berreskuratu daiteke. Menpekotasunik gabeko sare bat sortu dugu, eta sare horren erabakimena herritarren esku utzi nahi dugu. Horregatik da kooperatiba, eta irabazi asmorik gabea.

Eta, zer harrera izan du proiektuak?

Harrera ona izan du. Bilbon eta Hernanin ezarri genuen, eta martxan jartzeko bi estrategia ezberdin erabili genituen bi udalerrietan. Bilbon, pedagogiaren eta kontzientziazioaren aldeko apustua egin genuen: hitzaldien bitartez, proiektuaren filosofia eta alderdi etiko-soziala azalduz. Hernanin, berriz, fidelizazio sistema bat jarri genuen martxan: horrek pizgarri ekonomiko bat du barnean, eta hobeto funtzionatu du. Guztira, Bilbon 40 komertzio inguru ditugu Ekhilurren ordainketa sistemarekin, eta, Hernanin beste 110 inguru. Gainera, Hernanin 900 erabiltzaile inguruk eman dute izena. Guztira, Ekhilurrek 11 hilabetean milioi bat eurotik gora mugitu du dagoeneko.

Fidelizazio sistema aipatu duzu: zer da hori zehazki?

Hernaniko Udalak Ekhilurren bidez eginiko erosketen diruaren %10 itzultzen dio erabiltzaileari. Diru hori Ekhilur kontuan sartzen zaio erosleari berriro ere, baina Hernaniko Ekhi moduan izendatzen da: soilik Hernaniko sarean erabiltzeko. Hori da merkataritza gune handiek erabiltzen duten taktika, Eroski txartelak esaterako, eta guk, metodo hori kopiatu, eta herriko dendentzat erabilgarri jartzen dugu. Datorren urtean, Bilbon ere estrategia hori ezarriko dugu, hiriko barne komertzioa bultzatzeko eta Bilboko sarea indartzeko. Uste dugu Bilbon Hernanin lorturiko datuak edo are hobeak lor ditzakegula.

Proiektuarekin gizartearen pentsamenduan eragin nahi duzue hein handi batean, ezta?

Bai. Guk ezin dugu gure diru propioa sortu, hori banketxeen kontua baita, baina diru hori mugitzeko tresna kontrolatu dezakegu; hori da guk sortu duguna. Sistemaren gaineko kontrola izanik, sistemaren barneko diruaren ezaugarrien kontrola markatu dezakegula uste dugu. Astakeria dirudi, baina pertsonen arteko erlazioak eraldatzeko ere erabili nahi dugu dirua. Dirua, azken finean, akordio soziala da, eta hori aldatu daiteke, diruaren ezaugarriak aldatuz gero. Horretan ari gara. Jendeak ez du pentsatzen zer den berez dirua, baina erlazionatzeko modu oso eraginkorra da, eta horretan eraginez gizartean eragingo dugu.

Zeintzuk izaten dira komertzioen kezka nagusiak?

Dendarien artean, gehienetan, aurreiritzi asko dago. Ekhilur txanpon lokalarekin erlazionatzen dute nolabait: zirkuitu itxia, dirua atera ezin izatea, eta abar. Askotan, txanpon lokalak lokalegiak dira, eta hasieratik argi genuen hori traba bat dela; hortaz, gurean dirua zirkuitutik atera dezakezu —komisio txiki batekin—. Horrez gain, beste kezka bat sistemaren kostua da. Ekhilurren kostua oso txikia da, baina, sistema berria denez, hasieran beldurra dago komertzioen artean. Hala ere, ikusi dugu behin dinamika hartuta dendariak ondo moldatzen direla.

Nolakoa izan zen sistema abian jartzeko lana?

Hiruzpalau urte behar izan genituen horretarako. Traba nagusia traba legala izan zen, diruaren mundua oso erregulatua baitago, eta betetzen zailak diren hainbat baldintza bete behar direlako. Babes legala emango zigun entitate bat topatzea izan zen zailena. Horrez gain, alderdi teknikoa abian jartzeak ere zailtasunak ditu. Aplikazio bat dugu, eta horrek egiten ditu operazio guztiak. Aplikazio horrek banku lizentziadunen entitatearekin konektatuta egon behar du, eta egitura guztia finkatzea, adostea eta finantzatzea zaila da.

Zer aldaketa pentsatu dituzue etorkizunera begira?

Alderdi legala eta teknikoa ematen zizkiguten enpresak txiki geratu zaizkigu. Haiek ez zuten espero izaniko «arrakasta», ezta guk ere. Entitate horien errekurtsoak mugatuak dira, eta, dugun hazkundearekin eta erabilera tasarekin, sistemak gainezka egingo luke. Beraz, garapenera bidean, gure aplikazio propioa sortu nahi dugu, eta babes legala emango digun beste hornitzaile baten bila ari gara.

Eta beste herri batzuetara hedatzeko planik ba al duzue?

Etorkizunean sistema Hego Euskal Herri osoan ezartzea da helburua: euskal ordainketa sistema publiko eta herritar bat ezarri nahi dugu. Baina poliki joan behar dugu. Hurrengo urtera begira, Hernanikoari eutsi nahi diogu, proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko. Bilbon, ondo bidean, sistema zabaltzen hasiko gara. Eta, horrez gain, hasiak gara Hernani inguruko zenbait herrirekin eta beste hainbatekin kontaktuan jartzen. Irun da horietako bat, eta puntu estrategikotzat jotzen dugu Ipar eta Hego Euskal Herrian ordainketa sistema bateratu bat izateko. Euskoarekin hitz egiten ari gara, bi proiektuak bateragarri egiteko eta mugaz gaindiko proiektu bat egiteko.

Nola finantzatzen da Ekhilur?

Hainbat finantzaketa iturri ditugu. Gure helburua da sistema partekatua izatea, baita kostuan ere, eta bakoitzak ahal duen neurrian ekonomikoki laguntzea. Horregatik, aurrera begira, jendeak eta komertzioek kuota bat ordainduko dute Ekhilur kontua aktibatzeagatik: bazkidetza kuotak. Gainera, udalaren ikuspegitik oso interesgarria da diru publikoa proiektura bideratzea, herriko komertzioei eta herritarrei lagunduko baitiete; hortik ere dirua jasoko dugu. Azkenik, Jaurlaritzaren edo diputazioen diru laguntzak ere eskatzen ditugu.

Sistemaren zer beste berezitasun nabarmenduko zenituzke?

Dohaintzak ere badaude: erabiltzaileek sistema barruan nahi duten elkartera bideratzen dute hilabeteko saldoaren batezbestekoaren % 0,5. Hori, bolumena lortzean, diru iturri garrantzitsu bat izan daiteke elkartearentzat, eta Hernanin 1.500 euro inguru bildu dira dohaintzan. Elkarteen sarea indartzeko eta kontsumo sistemara integratzeko modu bat dela uste dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.