Euri jasa bortitzak eta tenperaturen jaitsiera iragarri dituzte datozen orduetarako Euskal Herri osoan. Hori dela eta, alerta laranja ezarri dute Nafarroa erdialdean eta Pirinioetan, eta horia gainerako lurraldeetan. Gaur arratsaldeko seietan ezarri dituzte alerta eta abisu guztiak.
Alerta laranja gauerdira arte luzatuko da Nafarroako Pirinioetan. Nafarroako erdialdean, ostera, bihar ere indarrean egongo da. Bestalde, Nafarroako gainerako guneak eta Ipar Euskal Herria bihar gauera arte egongo dira abisu horian. Araban eta Gipuzkoan gaurko 18:00etatik gauerdira arte egongo da indarrean abisua. Bihar, 06:00etatik 21:00etara berrezarriko dute, eta, orduan, Bizkaian ere sartuko da indarrean.
Nafarroan, euri asko eta trumoiak espero dituzte. Alerta laranjan dauden guneetan, baliteke ordubetean 30 litro pilatzea metro koadroko. Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan orduko 15 litrorainoko euri jasak egin ditzakeela iragarri dute. Gainera, kazkabarra ere egin dezake eta haize bolada bortitzak espero dituzte. Kostaldean ere abisu horia ezarri dute gaur 18:00etatik 19:00etara, itsasaldeko arriskuagatik. Olatuak ez dira metro bat baino handiagoak izango, baina, marea bizien ondorioz, baliteke itsasertza gainditzea. Iparraldean ekaitz eta uholde arriskuagatik ezarri dute abisua. Gainera, ohartarazi dute haize boladak orduko 80-90 kilometrokoak ere izan daitezkeela.