Hondarribiko Alardea

Jaizkibel konpainiak lehenbiziko entsegua egin du

Bihar izanen da bigarren entsegua, eta asteartean hirugarrena. Gaueko Emeak izeneko emakume talde batek Hondarribiko alardearen inguruan gogoetatzeko idatzi bat zabaldu du. 

Jaizkibel konpainiaren lehenbiziko entsegua, atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU
2023ko irailaren 2a
09:31
Entzun 00:00:0000:00:00

Gero eta gutxiago gelditzen da Hondarribiko alarde egunerako, datorren ostiralean izanen baita, hilaren 8an. Hala, hiru egunez entseguak eginen dituzte: atzo izan zen lehenbizikoa, 20:00etan. Bitoriano Juaristi kalean izan zen.

Nora Ferreira izanen da Jaizkibel konpainiako kapitain berria, Oihana Etxebarrietari lekukoa hartuta. Atzo hartu zuen hitza, eta txalo artean jaso zuten. Entseguaz gain, batzarra egin zuten atzo 18:00etan.

Bihar eginen dute bigarren entsegua, Itsas Etxean, atzoko ordu berean. Hirugarrena, berriz, datorren asteartean izanen da, Bitoriano Juaristi kalean, 20:00etan.

Gaueko Emeak

Jaizkibel konpainiaren entsegua ez da alardeari buruzko albiste bakarra. Izan ere, Gaueko Emeak izeneko emakume talde batek Hondarribiko alardearen inguruan gogoetatzeko idatzi bat zabaldu zuen atzo. Bertan adierazten dutenez, «Bidasoaldeko emakume gazte eta feministak» dira, eta «saminduta» daude inguruan bizi duten «misoginiaren gaineko inpunitatea ikusirik».

«26 urteko borroka latza eman dute herri honetan berdintasuna aldarrikatu duten herritarrek. Gizarte matxistaren oldarraldia eta instituzioen utzikeria jasan dute, erabateko bakardadean aritu dira. Baina gogor eta tinko eutsi diote justiziaren idealari», azpimarratu dute. Adierazpen horiek egitearekin batera, zenbait argazki zabaldu dituzte; Hondarribiko Udaletxean eta batzokian jarritako kartelenak dira, «misoginia» salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.