Alaves 1-0 Valentzia

Arabarrek sendo jarraitzen dute Mendirrotzan

Denboraldiko bigarren garaipena lortu du Luis Garcia Plazaren taldeak. Centek egin du partidako gol bakarra, bere atean.

Alaveseko jokalariak go ospatzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
inigo lasa fresneda
2023ko irailaren 2a
22:28
Entzun 00:00:0000:00:00

Etxean bezala, inon ez. Alavesek ondo baino hobeto daki zein den esaldi horren esanahia, Mendizorrotzan oso gustura aritzen baitira gasteiztarrak. Sei puntu lortu dituzte orain arte ligan, eta seiak etxean eskuratu dituzte. Azken hiruak gaur, gaztez betetako Valentziari 1-0 gailendu ostean. Zalantza askorekin hasi zuten liga arabarrek, baina estreinako lau jardunaldiak nola joan diren ikusita, lasai joango dira Luis Garcia Plazarenak sasoiko lehen etenaldira.

Zale asko haien eserlekuetan eseri gabe ziren partidako lehen jokaldi garrantzitsua iritsi denerako. Neurketa hasi eta 40 segundora, Mamardashvili atezainak penaltia egin dio Luis Riojari. Diakhabyk baloia bere atezainari pasatu nahi izan dio, baina Alaveseko aurrelaria bizi ibili da eta georgiarra baino lehenago iritsi zen baloira. Valentziako atezainak aurretik eraman du Rioja. Mamardashvilik, baina, penaltia gelditu dio Kike Garciari. Errepikatu behar izan dute, Valentziako jokalari bat arean sartu delako Alaveseko aurrelariak penaltia jaurti baino lehenago. Bigarrengoan, jaurtiketa aldez aldatu du Kike Garciak, baina atezainak aldea asmatu dio berriro.

Horrelako kolpe bat jaso ostean, sendagairik onena gola da, eta gasteiztarrek berehala erdietsi dute. Ruben Duarteren erdiraketa egin du ezker hegaletik, Kike Garciak baloia errematatzen asmatu du, eta Cenk atzelariak bere atean sartu du baloia. Hasiera eroa Mendizorrotzan. 7. minuturako 1-0 zegoen partida. Ruben Barajaren Valentzia oso taldea gaztea da, eta jokalari gehienek esperientzia gutxi izan arren Lehen Mailan, ausardia handia erakutsi dute gola jaso ondoren. Kikildu gabe, aurrera egin dute banakoaren bila, baina Alavesek sendo eutsi dio, bisitarien oldarraldien aurrean Herrialde Katalanetako taldeak oso azkar iritsi nahi izan du Antonio Siverak zaindutako areara, eta joko zuzen horretan Alaves oso eroso zegoen. Aurkariari falta izan zitzaion lasaitasun hori izan dute arabarrek lehen zatiko azken minutuetan. Kontraerasoan min egiten ahalegindu dira. 40. minutuan Kike Garcia aldea handitzetik gertu egon da, baina haren ezkerkadak zutoina jo du.

Sendo atzean
Aurreneko zatiaren antzera hasi da bigarrena: arabarren gol abagune batekin. Luis Riojak 2-0ekoa egiteko aukera aparta izan du, baina Diakhabyk bikain bota du bere burua lurrera, Sevillako hegalekoaren ezkerkada kornerrera desbideratzeko. Valentziak ere gertu izan du gola, neurketako ordubetera iristear. Diego Lopezek, ukitu bikain batekin, Alaveseko hiru jokalari atzean utzi, eta Siveraren aurrean geratu da bakar-bakarrik. Baina arabarren atezainak sekulako geldiketa egin du atea hutsean mantentzeko.

Barajaren taldea Gayaren eskarmentua eta kalitatea baliatzen ahalegindu da Alaveseko defentsan zirrikituak aurkitzeko. Hori ekiditeko asmoz, Luis Garcia Plazak Xeber Alkain kendu, eta Alex Sola jarri du eskuin hegalean, Andoni Gorosabelen aurretik. Zelairatu eta gutxira, asistentzia bat ematear izan da donostiarra bere debutean, baina Kike Garciak ez du asmatu Solaren erdiraketa zehatza behar bezala errematatzen. Minutuek aurrera egin ahala Valentzia geroz eta jokalari gehiagorekin iristen hasi da areara, baina arabarrak sendo aritu dira defentsa lanetan, eta arriskua sortzen saiatu dire kontraerasoen bitartez. Korrika egin ezin zutenean, Alaveseko jokalariek Kike Garciarengana jotzen zuten, hark baloia jaitsi, eta taldeari arnas pixka bat emateko. Golik ez du sartu, baina lan handia egin du aurrelariak. Norgehiagokako azken ordu laurdenean partida asko ireki da, Alavesek aukera bat baino gehiago izan du, baina emaitza ez zen aldatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.