Autoarekin jende multzo bat harrapatu zuen atzo gizonezko batek Haron (Errioxa, Espainia), eta horietako bat hil zuen. Lekukoak aipatuta, hainbat hedabidek zabaldu dute gidariak «gobernuaren kontrako» leloak oihukatuta ekin ziela oinezkoei. Poliziak gaur goizean adierazi duenez, gidaria 26 urteko bizkaitar bat da. Zehaztu dutenez, gidaria aldi baterako zegoen Haron.
Haroko osasun etxearen atarian gertatu zen harrapaketa. Guardia Zibilaren eledunak gaur adierazi duenez, gidaria osasun etxera zihoan, tratamendua jasotzera, «autoa apropos azkartu zuen, eta sei pertsona harrapatu zituen». Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, autoan zihoazen beste bi pertsonak gidariaren gurasoak lirateke. Poliziak azaldu du erasotzaileak ustez eginiko oihuen kontua aztertzen ari direla. Edonola ere, gaineratu du «arrazoi terroristak» baztertu dituztela, baina harrapaketa istripuz gertatu izana alboratu dutela.
Hil denak 32 urte zituen, eta osasun langilea zen. Beste bost pertsona zauritu ziren gertaeran. Horietako bi oso larri daudela zabaldu dute Errioxako prentsan.