Sindikatuak

ELArekin duen harremana hobetu nahi du aurten LABek, «zatiketa» gainditzeko

«Dialektika eta praktika positiboagoa» nahiko lukeela onartu du Garbiñe Aranburuk, eta greba feminista edo zerbitzu publikoen aldeko borrokak testuinguru egokia izan daitezkeela.

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzaile nagusia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko irailaren 5a
13:46
Entzun 00:00:0000:00:00

LAB sindikatuak bi erronka nagusi jarri dizkio bere buruari urte sindikal berrirako. Batetik, ezker independentistako eragileen arteko agenda sozial partekatua bultzatzea; eta, bestetik, lantoki eta sektoreetan borrokak piztea. Azken hori lortzeko bidean, zatiketa sindikala oztopoa dela iritzi dio Garbiñe Aranburu sindikatuko koordinatzaile nagusiak, eta aurten sindikatuen arteko harremanak hobetzea nahiko lukeela onartu du; besteak beste, greba feminista edota zerbitzu publikoen aldeko borroka baliatuz.

Jakina da ELAren eta LABen arteko harremanak ez daudela bere onenean, eta sindikatu subiranistek ingurumari horretan ekingo diote urte sindikal berriari. Aranburuk zehaztu du ez dagoela «berritasunik» harremanei dagokienez, baina hori aldatu nahiko lukeela: «Guri gustatuko litzaiguke aurten dialektika eta praktika positiboago eta eraikitzaileago bat izatea.

Une honetan agendan dauden gai batzuetan elkarlanari ekiteko aukera ematen dute: greba feminista, zerbitzu publikoen defentsa, hainbat lan gatazka... Guri gustatuko litzaiguke eremu horiek zabalduz joatea». Dena den, ez du espero kolpetik aldaketa handirik egotea: «Pixkanaka joan behar dugu».

Urkulluri erantzunap>

Beste erronkari dagokionez, sindikatuak aldaketak eragin nahi ditu politika publikoetan. Besteak beste, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa mugatu eta lan harremanen euskal esparruaren bidean urratsak egin; esaterako, Gizarte Segurantzaren transferentzia bultzatuz. «Aitzakiekin amaitzeko behintzat. Jaurlaritzak eskuduntza hori ez izatea aitzakia gisa erabiltzen du pentsioak ez hobetzeko. Baina guk badakigu egungo lege markoan ere hori posible dela, eta borondate politikorik eza dela arazoa».

Aranburuk, bide batez, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eta Andoni Ortuzar EBBko presidenteak eginiko kritikei erantzun die. Arduradun jeltzaleek Jaurlaritzaren aurkako «higatze estrategia» baten barnean egotea leporatu diote LABi, eta Aranburuk erantzun die «patronalaren aldeko» politikak egiten badituzte, «langileek erantzun egingo dutela, ahotsa eta boza dutelako».

Zehaztu du iaz eginiko bileran ere ohartarazi zutela Urkullu, eta hartaz geroztik atzera pausoak ikusi dituztela: «Jaurlaritzak hainbat lan gatazkatan eta Osakidetza bezalako zerbitzu publikoen defentsan izan duen jarrera ikusi baino ez dago».

Nafarroan, «anbizio txikiko» gobernua

Erronka zailak dira, baina, LABek haiei ekiteko baldintza aproposak ikusten ditu, hiru bereziki. Batetik, langileen ahalduntze kolektibo bat gertatzen ari dela uste du, bereziki sektore feminizatuetan. Bestetik, Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deituriko greba orokorrak zaintzaren debatea erdigunera eramango du; eta, azkenik, Espainiako Gobernua osatzeko eztabaidek eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek presio egiteko aukera emango diete langileei.

Zentzu horretan, Aranburuk kritika egin dio Nafarroako Gobernua osatzeko akordioari: «Anbizio gutxi izan dute langileen bizi baldintzei eragiten dieten gaietan. Jarraitutasuna baino ez».

Aranburuk, halaber, aurreratu du bihar Idoia Mendia Jaurlaritzako Enplegu sailburuarekin biltzekoak direla, eta hark lanaldiaren murrizketaren inguruan eginiko adierazpenak begi onez ikusi dituzten arren, ez dietela sinesgarritasun handirik eman, uste baitute ez dutela «benetako borondaterik» ikusi. Aldiz, zehaztu du 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko eskaera mahai gainean jarriko diotela, eta patronala interpelatu dezala eskatuko diotela. «Horrelakoen inguruan hitz egin dadin sakatuko diogu», gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.