Hondarribiko Udalak (Gipuzkoa) ohar bidez jakinarazi du atzo bi sexu eraso izan zirela herrian. Udalak erasoak salatu ditu, eta ohartarazi pertsona guztiek dutela eskubidea jaiak «modu librean bizitzeko», eta ez dutela eraso sexistarik edo homofoborik onartuko. Erasoak salatzeko elkarretaratze batera deitu du udalak gaurko; 18:00etan izango da, Hondarribiko Martxoak 8 plazan.
Bihar hasiko dira Hondarribiko jaiak, eta udalak prestatua du sexu erasoei aurre egiteko plana. Besteak beste, erasoen aurkako guneak indartuko ditu jaietan, eta informazio gune bat jarriko du San Pedro kalean, artatze puntu bat Itsas Etxean,eta arretarako telefono zenbaki bat (688718797) herritarrentzat erabilgarri izango dena egun osoan.