Otsagabiko (Nafarroa) jai nagusia ospatu dute gaur, Muskildako Ama Birjinaren ohorez. Aurten, bereziki, otsagabiarrek bazuten zer ospatu, lehenbiziko aldiz dantzatu baitira emakumeak Muskildako Andre Mariaren baselizan. Zortzi dantzarietatik bi emakumeak izan dira.
Prozesio eta erlijio jatorria duen dantza sorta da gaur Otsagabian dantzatu dutena. Dantza multzoa osatzen dute lau makil dantzak, zapi dantza batek eta orripekoak. Joan-etorrietarako, berriz, biribilketa dantzatzen dute. Euskal Herriko dantzarik zaharrenetariko bat da, horko zortzi dantzarien agerraldiari erreferentzia egiten dion lehenbiziko dokumentu idatzia 1695. urtekoa baita.