Espainiako Estatuko hizkuntza gutxituak erabili ahal izango dira hurrengo asteartetik aurrera Kongresuan. Francina Armengol Kongresuko presidenteak sinatu duen ebazpenaren arabera, behin-behinean antolatuko dute itzultzaileen sistema. Senatuan erabiltzen dituztenen pareko sistema jarriko dute indarrean.
Kongresuko Mahaiak ireki du horretarako bidea, PSOE, Sumar, ERC, EAJ, EH Bildu eta BNGren babesarekin. JxCk ez du ebazpena izenpetu, baina gehiengo osoa beharko du Kongresuan aurrera ateratzeko, eta gehiengo osora iristeko JxCk ere babestuko duela aurreikusten da. Premiaz tramitatzeko eskatu dute.
Aurreikuspena da sei hilabeteko epean baliabideak jartzea edozein idatzi ere hizkuntza gutxituetan aurkeztu ahal izateko.
Bihar elkartuko da bozeramaileen batzordea, eta zehaztapen teknikoak ordurako espero dira.
Eskubide honen lorpena ERCk eta JxCek bultzatu zuten. PSOEk Francina Armengol proposatu zuen Kongresuko mahaiko presidente izateko hautagai gisa. Alderdi subiranista katalanek babesteko baldintza gisa jarri zuten euskaraz, katalanez eta galizieraz egin ahal izatea Kongresuan. Senatuan badago aukera hizkuntza gutxituak erabiltzeko, modu mugatuan. Europako Parlamentuan ere hizkuntza gutxituak hizkuntza ofizial gisa hartzeko eskatu zuten, eta bide hura ere urratu da. Baldintza hura onartuta hautatu zuten Armengol Kongresuko presidente, alderdi subiranisten babesarekin.