Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu, sexu eraso bana leporatuta; bata, Bilbon, eta bestea, Getxon (Bizkaia). Gaur goizaldean izan da Bilboko erasoa, 04:00 inguruan, San Frantzisko auzoan. Ertzaintzak 27 urteko gizon bat atxilotu du, lesio delitu bat eta sexu eraso bat leporatuta. Atxilotua ostalaritza establezimendu batean zegoen, eta bi emakumeri eraso egin die beirazko edalontziekin. Biktimetako bati sexu ukituak egin dizkio, eta musu bat eman dio hark hala nahi gabe, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Gertaeraren tokira bertaratu dira Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuak, eta han artatu dituzte bi emakumeak. Horietako batek hortz batzuk hautsita zeuzkan, eta, zaurien larritasuna ikusirik, Basurtuko ospitalera eraman dute. Atxilotua epailearen esku utzi du Ertzaintzak.
Bestalde, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuten joan den asteartean Getxon (Bizkaia), emakume bati sexu erasoa egitea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Erasoa Neguri auzoan gertatu zen, eta, emakumeak salaketa jarri ondoren, gau horretan bertan atxilotu zuen Ertzaintzak ustezko erasotzailea.
Getxoko Udalak adierazpen instituzional bat onartu du erasoa gaitzesteko, eta bi elkarretaratzetara deitu du biharko; eguerdian, bilkura instituzionala egingo du, eta arratsaldean herritar guztiak deitu ditu elkarretaratzera batu daitezen.