Osasunak bi helburu zituen gaur Sevillaren kontra jokatu duen partidan: defentsako jarduna irmotu, eta bide horretatik, etxean denboraldiko lehen garaipena lortzea. Bada, erdizka gelditu da, atea hutsean utzi arren, ez delako gai izan eduki dituen gol aukera garbiak profitatu eta hiru puntu patrikaratzeko. Chimy abilaren oinetan izan ditu bi abagune garbienak, baina argentinarraren erremateek ez dute sareetarako bidea hartu. Gorritxoek neurketa berdindua jokatu dute Sevillaren aurka, erritmoz bizia baina joko aldetik distira handirik gabea. Bi taldeak txandaka oldartu dira, eta biek ere letagin kamutsak izan dituzte. Osasunak, bere txarrean, bukaera eman dio etxeko bolada txarrari, galduak baitzituen orain arte Sadarren jokaturiko partida guztiak. Haatik, gaur bildutako puntuak ez du ase.
Osasunak gogotsu ekin dio partidari, eta lehen minutuetan baloia Sevillaren zelaian erabili du batez ere. Ezker hegaletik aurrera egiten saiatu dira gorritxoak, baina Mojicaren akatsek ez diote jokoa behar bezala sakontzen utzi. Kontrol eta erdiraketa eskasak egin ditu kolonbiarrak. Dena den, minutuek aurrera joan ahala, Osasunaren jokalaririk arriskutsuena bilakatu da. Oso zorrotz aritu da, eta zehatz baloia areara bidaltzerakoan. Chimyri, adibidez, erdiraketa bikaina egin dio, baina argentinarrak, dena alde zuela, gora errematatu du.
Lehen zatian Osasunak izan duen aukerarik garbiena izan da hori. 40. minutuan izan da, atsedena jada ate joka zela. Beste aukera batzuk ere izan dituzte bi taldeek markagailuan aurrea hartzeko. Bi izan ditu Sevillak: Oliver Torresen saiakera urruna, Sergio Herrera pase bat mozteko atepetik atera eta gero, eta Lucas Ocamposen eskuinkada bat. Bi jaurtiketak oso gutxirengatik joan dira kanpora. Osasunaren aldetik, Torrok egin du lehen jaurtiketa. Gora joan zaio. Gero, Aimarrek area barruan jaurti du, jokaldi azkar eta zorrotz baten ondoren, baina Nemanja Gudeljekin egin du topo. Paseak nekez kateatu dituzte bi taldeek, baina lasai asko joan zitezkeen aldageletara gol bat eginda. Batez ere Osasuna, Chimyk azken txanpan izan duen aukerarekin.
Gorritxoen abagune on gehiago pilatu dituzte bigarren zatian. Torrok bi aukera on izan ditu hasi eta berehala, baina lehenik, kanpora jaurti du area barruan, eta gero, ez da ate aurrean errematatzeko gai izan, bakarrik zegoen arren. Aldi berean, Mojica urrutitik saiatu da, ezkerkada indartsu batekin, baina ez du asmatu baloia zutoin artera bideratzen. Gorritxoei fintasuna falta izan zaie azken metroetan, eta zorte apur bat ere bai. Izan ere, 62. minutuan zutoinera joan zaio Chimyri atezainaren gainetik loratutako jaurtiketa. Jokaldi ederra egin dute nafarrek eskuin hegaletik, paseak azkar lotuz, baina ezin izan diote ginga jarri.
Sevillako jokalariek ere behin baino gehiagotan eraman dituzte eskuak burura, huts egindako aukeren ondorioz. Kolpeak trukatuz aritu dira bi taldeak, eta kanpokoek min handia egin diote Osasunari eskuin hegaletik. Ocamposen presentzia geroz eta beldurgarriagoa izan da, eta gertu izan du gola, eskuinez egindako jaurtiketa neurtu batekin. Gorritxoek ez dute beren saretik baloirik jaso behar izan, baina era berean, ezin izan dute aurkariaren atea zulatu. Hori horrela, etxeko lehen garaipenak itxaron egin beharko du.